Enplegua bilatzeko laguntza abian jarriko du Arabak

Erredakzioa 2016ko uzt. 28a, 12:37

Gasteiz, Laudio eta Guardian emango dute zerbitzu, eta 65 laguni lagunduko die lana bilatzen. Izena emateko epea irekita egongo da irailaren 23a arte.

Arabako Foru Aldundiak eta Santa Maria la Real Fundazioak lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute gaur datorren urrian enplegua sustatzeko hiru bulego martxan jartzeko. Gasteizen, Laudion eta Guardian kokatuko lirateke eta bertan, langabetuei lan bat aurkitzeko aukera erraztuko zaie. 

Agerraldian eman dituzten datuen arabera, batez beste, halako egitasmoetan parte hartzen dutenen % 60k aurkitzen dute lana (proiektu hori 2013an hasi zenez geroztik jasotako datuen arabera). 

Arabako Foru Aldundiko eskualde behartsuenetan langabeziaren aurka borrokatzeko duen programa bereziaren zati dira hiru enplegu anezka horiek. Aldundiak ia 80.000 euroko ekarpena egingo dio programari eta Santa Maria la Real Fundazioak hura antolatzearen eta gauzatzearen ardura izango du.  

Gasteizen, Laudion eta Guardian martxan jarriko diren proiektuek 65 langabeturen esku jarriko dituzte beren gaitasunak eta trebetasunak hobetzeko baliabideak eta lan merkatua aztertzeko eta lana lortzen ahalegintzeko bitartekoak eskainiko dizkiete.

Interesdunek irailaren 23ra arte dute eskaera aurkezteko aukera,  ww.lanzaderasdeempleo.es  web orrian.

Zer da enplegu anezka? 

Ez da ez ikastaroa ez hartan parte hartzen dutenei lana eskaintzen dien enplegu agentzia. Enplegu anezka entrenamendu trinkoa da, lana era berritzaile, berezi, taldeka eta solidarioki bilatzen laguntzen duena. Bertan parte hartzaileek beren gaitasunak eta trebetasunak areagotzen dituzte eta elkarri laguntzen diote lan merkatuan toki bat aurkitzen.  

 Parte hartzaileak astean lau egunetan bilduko dira bost hilabetez, aldundiak eta udalek utzitako lokaletan. Teknikari baten gidaritzapean beren enplegagarritasuna hobetzeko zenbait jardueretan ari izango dira parte hartzaileak, besteak beste, honako hauetan: coaching eta adimen emozional saioetan, komunikazio dinamiketan, marka pertsonala eta 2.0 enplegua bilatzen edo elkarrizketa pertsonalak entrenatzen , besteak beste.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide