Gasteizko Jaiak 2016

Errekaleor Bizirik elkarteak jasoko du aurtengo Txosnisaria

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko uzt. 27a, 14:14

Abuztuaren 4an, 20:30ean, zabalduko dituzte ateak Gasteizko txosnek.

Gasteizko txosnek abuztuaren 4an zabalduko dituzte ateak. Inaugurazioa, 20:30ean izango da eta zinta-mozketa egin ondoren, txosnaz txosnako pintxo-potea egingo dugu, Ttek! elektrotxarangak girotuta.

Ondoren,  21;30ean Karpa Komunean urteroko Txosnisaria banatuko dute. Aurten, Errekaleor Bizirik elkarteak jasoko du, autogestioaren alde eginiko lanagatik. Izan ere, urtero banatzen duten sari honen bitartez, txosnak osatzen dituzten kolektiboek herrigintzan nabarmendu diren pertsona edo eragileak omendu nahi izaten dituzte.

5 txosna, 3 karpa eta karpa komuna

Aurten bost txosna, hiru karpa eta karpa komun bat egongo dira unibertsitate eremuan.  Bi espazio nagusiez gain (karpa komuna eta agertoki nagusia), Gazte Karpak ere bere programazioa izango du. Berrikuntza gisa, herri-mugimenduaren materiala salgai izango da, herri-dendan. Gainera, karpa nagusian afaltzeko aukera ere berreskuratu dute eta elikagaien bankuari emango diote bertan kontsumitzen ez dena.

Urtero bezala, egun bakoitzak izaera berezia izango du. Abuztuaren 6an, esaterako, entxosnazio eguna ospatuko dute. Egun berezi hori euskaraz bizitzearekin lotu nahi izan dute aurten, "txosnetan murgiltzea euskaraz bizitzea dakarrela ulertzen baitugu". Gazte eguna abuztuaren 7an ospatuko dute, 8an ikasle eguna, eta 9an, azkenik, egun feminista. Horrez gain, abuztuaren 4an Ai laket-eko lagunek droga testajea egingo dute eta egunero Gasteizko Mugimendu Feministaren jaima izango da.

Eraso sexisten gaitzespena

Era berean, betiko izaerari jarraituko eutsiko diote txosnek eta "jai-eredu euskaldun, parekide, anitz, parte-hartzaile eta herrikoiaren aldeko apustu garbia" egingo dutela azaldu dute gaurko prentsaurrekoan.

"Zentzu honetan, eraso sexisten gaitzespena eta berdintasunezko harremanen aldeko apustua egin nahi dugu. Gure egiten dugu Gasteizko Mugimendu Feministaren protokoloa eraso sexisten aurka eta, eraso horien aurrean, autodefentsarako deia egiten diegu emakume guztiei, eta oro har, jendarte osoari, jai-gunean gerta litekeen edozein erasoren aurrean batera erantzuteko. Protokoloa aktibatzeko mekanismoak prest ditugu, eta ez dugu zalantzarik egingo hori abiarazteko". Horrez gain, erasoak salatzeko telefono zenbakia eskura jarri dute: 688 852 901

Txosna berde eta ekologikoa

Txosna-gune osoan edalontzi berrerabilgarri eta birziklagarriak baino ez dira egongo. Aurten ere produktu ekologikoen eta elikadura-subiranotasunaren aldeko apustua egin du Txosna Batzordeak, eta txosna guztietan izango da produktu ekologikoren bat dastatzeko aukera. Horrez gain, Entxosnazio Eguneko herri-bazkaria ere Arabako produktu ekologikoekin egingo da.  

Euskara, konplexurik gabe

Azkenik, euskaraz ikasten ari direnei euskaraz beldurrik eta konplexurik gabe hitz egiteko gonbita luzatu diete Gasteizko txosnetako kolektiboek. "Horretarako dekalogoa osatu du euskararen aldeko Gasteizko herri-mugimenduak, eta horrekin bat egiten du Gasteizko Txosna Batzordeak, jaietan ere euskaraz bizi nahi dugulako".

Egun, 10 kolektibok osatzen dute Gasteizko txosnek: AEK, Askapena, Gazte Karpa, Fracking Ez-Feministok Fest, Iraultza 1921, Presoen Lagunak, Gasteiz 2011, Hala Bedi, Arabako Bertsozaleen Elkartea eta Sukalde-gerrilla.

 

Egitaraua, egunez egun

Abuztuak 4, osteguna

20:30 – Txosnagunearen irekiera eta pintxo potea

21:30 – Irekiera-ekitaldia. Txosnisaria

22:30 – The capaces

00:00 – La gran pegatina

02:30 – Itaca Band

Abuztuak 5, ostirala: PRESO ETA IHESLARIEN EGUNA

15:00 – Herri-bazkaria Landatxon

21:30 – Preso eta iheslarien eguneko ekitaldia

22:30 – Tajon prieto y los kuajalotes

01:00 – Akerbeltz

03:30 – DJ Elepunto

Abuztuak 6, larunbata: ENTXOSNAZIO EGUNA

13:00 – Bertso-ardo-kata

14:30 – Bazkari herrikoia

17:00 – Dantza-plaza, umeen jolasak, magoa, ginkana, puxikak…

18:30 – Antzerkia

00:00 – Eskean Kristo

02:00 – En Tol Sarmiento

03:30 – Pintxa Croquette 82

Abuztuak 7, igandea: GAZTE EGUNA

14:30 – Gazte-bazkaria

22:30 – Niña Coyote  Chico Tornado

00:00 – Lágrimas de sangre

02:00 – Green Valley

03:30 – DJ Loro & Selektah Stepi

Abuztuak 8, astelehena: IKASLE EGUNA

14:30 – Ikasle-bazkaria

16:30 – Bazkalondo girotua

22:30 – Montauk

00:00 – Capsula

02:00 – Willis Drumond

03:30 – DJ Rokakolo

 

Abuztuak 9, astertea: EGUN FEMINISTA

18:30 – Transzeledontziaren jaitsiera Andre Maria Zuriaren plazan

20:30 – Jolasak: matxirulo sin piñata + Antzerkia: Ovarios verdes fritos

21:30 – Afari feminista

22:30 – Ane Guria

00:00 – Zoo

01:30 – Las Tea Party

03:30 – DJ Raybon

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago