Euskal egitura hebaindu eta txikitu

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2016ko uzt. 26a, 00:00

Joan dira Espainiako hauteskunde orokorrak, eta abenduaren 20an gertatu bezala, gehiengoak erabakigunea Madrilen duten alderdietan jarri du konfiantza.

Gaindegitik begiratuta aipagarria da oso gertatu dena. Izan ere, gure ikuspuntutik euskal eredu sozioekonomiko bat eraikitzea ezinbestekoa da herri honentzat eta bere herri xedearentzat. Bertan adostua, bertako erronkei egokitua eta gehiengoarentzat onbera izango den eredua.

Azken urteotakoa (2008-2015) Hego Euskal Herrian aro autonomikoa hasi zenetik ezagutu dugun garairik txikitzaileena izan da euskal eredu sozioekonomiko bat eraikitzeko baliabideen galerari dagokionez. Deskapitalizazioa gertatu dela esan dezagun.

Esan daiteke erabaki okerrak hartu direla Madrilen, baina hemen ez dugula jakin gure bidea egiten. Artikulu honi izenburua hautatzean ez genuen hiperbole bat erabili edo katastrofista izan nahi. Gertatzen ari dena ukaezina da, ordea. Hego Euskal Herrian ditugun gaitasunak, egiturak eta baliabideak hebaindu eta txikitzen jardun da Madrilgo estatua azken urteotan. Orain hurbilago gaude nahi ez genuen egoeratik nahi genukeen horretatik baino.

2008ko udatik 2016ko ekainera zortzi urte joan dira, bi agintaldi. Bi alderdi zentralista gobernutik gure interesak bere neurrira kudeatzen. Aipatzeko gertaeren zerrenda luzea egin daiteke, irakurleak jar bitza gertaerak nahi duen hurrenkeran. Esaterako, lan legediaren bi erreforma (enplegua desegiteko, lan harremanak zentralizatzeko), dekretu bidezko gastu murrizketak (kohesio sozialari zein gastu eta inbertsioak eragozteko), bankuen erreskatea baliabide publikoekin... Eta hamaika helegite gure ekimenei.

Oinarri horien sokatik etorri ondorioek ezker-eskuin aldatu dute gure egoera. 160.000 lanpostu, erdiak manufaktura industrialekoak, desegin dira. Gabezia, prekaritatea eta langabezia hedatzen eta kronifikatzen ikusi ditugu haur, emakume, gazte zein 55 urtetik gorako pertsonen artean. Nahiz eta formazio maila onekoak izan... Eta inklusio sozialeko bideetatik kanpo herritar gero eta gehiago. Euskal gizarteak bere gain hartu du kaleratze eta lan prekaritatearen gastua enpresen produktibitatea handitu den bitartean. Gizarte duala, bide antzua. Giza kapitala ba omen dugu; bada, orduan, falta zaigu zerbait gure indar guztiak baliatzen uzten ez diguna. Garai bateko babes sozialeko egitasmoak (langabezia saria, larrialdi laguntzak, pentsioak...) eta laneratzeko programak ez dira aski egiturako krisiaren itxura hartzen ari den gainbehera sozioekonomikoan.

Gure ekoizpen sistemak ere gogotik nozitu du, egiturakoak izan baitira aldaketak. Atzeraldiak enpleguari eutsi eta berrikuntzan indarrak jartzea eskatzen zuen, hasitako bideari jarraitzea. Jarduera berriak, prozesu berriak, teknologia berriak, enplegu berriak... Berrikuntzara bideratutako ahalegina, ordea, apaldu egin dute instituzio eta enpresek (gastu publikoaren murrizketak eta kreditu gabezia lagun). Laugarren belaunaldiko industriaren aldarriak hartu du ezagumenduaren gizarteari dagokion lekua diskurtso instituzionalean, oposizioko indarrek ere ez dute jakin horren mugak agerian jartzen. Izan ere, herri honek behar du laugarren belaunaldiko industria, baina hori bezala, ezagumendua, pertsonala zein kolektiboa, baliatzen duen ekonomia bat behar du. Gizarte garatu baten garai berrietarako ekonomia, etekin ekonomikoaz gain herri baten garapenean ekarpen eraldatzailea egiten duena. Baina oraingoz ez dugu ikusten bide hori urratzera doan estrategia eta adostasunik. Bertako ahaleginez sortutako korporazioak, aldiz, gero eta atzerritarragoak dira jabego eta erabakiguneei dagokienez. Eta erabaki txikitzaileak bata bestearen atzetik hartzen jardun dira (altzairugintzakoak ezagunenak, baina ez bakarrak). Gure ehun industrialaren bolumena nabarmen apaldu da.

Azken batean, 2008-2015 aldian Hego Euskal Herriak bere subordinazioa gogotik sufritzeaz gain, bere eredua erreferentziazko prozesu eta herrialdeetatik urruntzen utzi du, eta eraginkortasun zein kohesio sozial txikiagoko herrialdeen parametroetara hurbildu da. Harritzekoa da gure interesen kontrako prozesuak nola ez duen erantzun sendoagorik izan.

Inork pentsa lezake ez zegoela besterik egiterik, baina aski da erreferentziazkotzat hartu ohi ditugun estatuetara begiratzea urte hauetan bestelako errezetak baliatu dituztela ikusteko, eta ondorioz, bestelako emaitzak lortu. Aski dira bi datu: ikerketa eta garapenean gastua handitu dute, hainbat kasutan gurearen bikoitza izateraino, eta enplegu bolumenari eutsi diote. Guk egin dugunaren kontrakoa. Zortzi urte hauetan Euskal Herriko eredu sozioekonomikoa Grezia, Espainia eta Portugalgo bideetara hurbildu da. Eta orain hagitz urrunago gaude erreferentziazkotzat jo ohi ditugun ipar Europako herrietatik. Esan dezagun orain baliabide gutxiago dugula bide horretan jartzeko.

Ulergaitza da erabakigunea Euskal Herrian duten alderdi eta koalizioek nola ez duten bere agendaren lehen puntuan bertako proiektu sozioekonomikoa indartzeko egitasmo adostu bat. Brexit-ak erakutsi bezala, bere herritarrak politika eraginkorrekin konprometitzen ez dituen ordezkaritza politikoak gehiengoaren arbuioa jasotzen du. Antzeko atakan egon daiteke alderdi abertzaleen eskaintza, datu sozioekonomikoak eta bozaren joera ikusi besterik ez dago.

Aurten laurogei urte bete ditu Jose Antonio Agirre buru zuen Eusko Jaurlaritzaren sorrerak, laster ehun urte beteko ditu Hego Euskal Herrirako autonomia estatutu bat diseinatu eta adostu zuen Eusko Ikaskuntzak. Esan daiteke lan haietan ibili zirenek konpromiso handiagoa eskatzen digutela herri honi egitasmo formal bat landu eta eskaintzeko. Esan daiteke, halaber, gaur egun ez ginatekeela beste horrenbeste egiteko gai izango.

Inoiz ez da berandu, baina gaur hastea biharko uztea baino hobe; jar dezagun zentralismo txikitzailearen aurrean bertako egitasmo sozioekonomikoa. Herri bat gara.

 

BERRIAn argitaratua.

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago