#BaiEuskarariSariak #Elkarrizketak - Mikel Lezamiz

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2016ko uzt. 22a, 15:09

 

“Enpresetan euskara normalizazio plangintzak egin behar dira eta estrategia bat martxan jarri”

 

Mikel Lezamiz (Mondragoneko Hedapen Kooperatiboko arduraduna eta euskara koordinatzailea)

Mondragon Korporazioko Hedapen Kooperatiboko arduraduna izan da azken urteotan Mikel Lezamiz eta orain dela gutxi hartu du erretiroa. Kooperatibagintzan ez ezik, lan handia egin du Mondragon Taldearen barruan euskararen alde, taldeko euskara koordinatzaile izan delarik. Lan-munduan euskararen alde egindako lana aitortzeko, Bai Euskarari Laguna saria jaso du aurten.

 

 

Zer da zuretzat Bai Euskarari Laguna saria jasotzea?

Errekonozimendu bat da. Dena dela, sari hau ez da niretzat bakarrik; Mondragon Taldean kooperatibagintzan ari garen guztiontzat da, sentsibilizatuta baikaude euskararekin.

Kooperatibagintza eta euskalgintza uztartu izan dituzu bizitza profesional osoan. Orain dela gutxi erretiroa hartuta, nola ikusten duzu euskara kooperatibagintzan?

Hemendik urte batzuetara  ziurtatuko da kooperatibetan euskaraz lan egiteko aukera. Ez dakitenek ikasiko dute eta, ulertu egiten badute behintzat, beste guztiek euskaraz lan egiteko aukera izango dute. Bide horretan goaz. Kooperatiba guztietan daude gaur egun euskararen normalizazio plangintzak. Krisi ekonomikoa gogorra izan da guretzat ere, baina ez da bazter batera utzi euskararen aldeko lana.

Lorpen handiak egin dira kooperatibagintzan lan-mundua euskaldunago izan dadin. Zer nabarmenduko zenuke? Zergatik beste era bateko enpresetan ez dira lortu kooperatibetan lortutakoak?

Produkzioa garrantzitsua da, enpresaren emaitzak garrantzitsuak dira, pertsonak zaintzea garrantzitsua da eta pertsonen barruan dago hizkuntza, komunikazioa. Mondragon Taldean plan estrategiko korporatiboan dugu sartuta euskara. Adibidez, Mondragon Taldearen Batzar Iraunkorrak euskaraz funtzionatzen du duela 5-6 urtetik hona. Enpresa talde handi batek euskaraz funtzionatzea adierazgarria da. Normalizazio plangintzetatik plan estrategikoetara sartu behar da euskara.

Printzipio kooperatiboetan idatzita eta barruan sartuta dugu euskararekiko errespetua. Beste enpresetan ere aurrera doaz, baina poliki. Beharbada beste gauza batzuei ematen diete garrantzia. Euskarak gainbalio bat ematen dio enpresari. Euskararen inguruan sarri talde ezberdinak batzen gara eta horrek ere barne-kohesio bat ematen dio enpresari.

Aitor Lezamizek, Mikelen semeak, jaso zuen saria

Fagor Etxetresnen auziarekin askok zalantzan jarri zuten kooperatibagintza eredua. Zer irakasgai jaso zenuten Mondragon barruan auzi hartatik?

Asko sufritu genuen Fagor Etxetresnen erorketa. 2013an 25.000 enpresa itxi ziren Estatuan. Kooperatiba taldean, aldiz, bat erori zen eta horrekin bazirudien kooperatiba talde osoa pikutara joan zitekeela. Ez da horrela. Ikasketa garrantzitsuena da ezin dela etsi, erabakiak hartu behar ditugula; enpresa kooperatiboa izan arren irabaziak izan behar ditu eta ezin gaitu loak hartu. Kooperatiba batean, denok parte garenez, aurrera begira askoz gehiago eskatu behar diogu gure buruari eta erabakiak hartu enpresa iraunkorra ez bada.

Kooperatibek etorkizuna dute, batez ere mende honetan. XXI. mendea ezagutzaren mendea eta giza-kapitalarena dela esaten da. Ezagutza askoz gehiago dugu gaur egun eta horrek laguntzen du guztiok erabakiak hartzeko ahalmena izaten. Kooperatibetan funtsa pertsona da, ez kapitala. Kapitala errekurtso bat da, bitartekoa. Hortik datoz tendentziak eta kooperatibek bide handia dute eginda aspektu horretan. Etorkizuneko sistema izango dira kooperatibak.

Nola uztartzen dira nazioartekotzea eta kooperatibagintza?

Gaur egun mundua txikia da edozein enpresarentzat eta nazioartekotzean dago etorkizuna. Salmenten % 71 nazioartean egin dute Mondragon Taldeko kooperatibek eta horri esker mantendu dira enpresak eta lanpostuak. Euskara eta gaztelania jakitetik ingelesa edo beste hizkuntza batzuk jakitera pasa gara. Euskara eta gaztelania dakienak beste hizkuntza bat errazago ikasten duela frogatuta dago. Horrek lagundu egiten dio gizarteari nazioartekotzean irekiagoak egiten, beti ere erro indartsu bat izanda: euskara.

Enpresetan euskararen erabilerak behera egin du azken urteotan. Soziologoa ere bazarenez, zein uste duzu izan direla beherakada horren arrazoiak? Zer egin beharko litzateke enpresetan euskara txertatzeko?

Azken urteetan kooperatibetan ere gutxitu da pixka bat erabilera, krisiaren ondorioz bitartekoak kendu direlako. Beharbada orain ez dago olatuaren gainean euskararen erabilera enpresetan, baina etorriko da. Enpresetan ere eragingo du gizarteko aldaketak, gizartea geroz eta euskaldunagoa baita. Badaude plangintzak Osakidetza euskalduntzeko, zerbitzu publikoak euskalduntzeko… denda eta enpresa txikietan ere ari dira plangintzekin... eta horiek guztiek eragingo diete enpresei. Garai hobeak etorriko dira, ziur.

Enpresetan euskara gehiago txertatzeko euskaldunak kontratatu behar dira eta gero erabilpena bermatu behar da. Enpresek sentsibilizatu behar dute baina administrazioak ere gehiago lagundu behar du normalizazio prozesuetan. Hezkuntzan asko lagundu da, Osakidetzan ere ari dira, baina lan-mundua esparru pribatua izatean ez da hainbeste lagundu. Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek lagundu beharko liekete euskara normalizazio prozesuetan hasten diren enpresa txiki, ertain eta handiei. Enpresetan euskara normalizazio plangintzak egin behar dira eta estrategia bat martxan jarri.

Garbi dagoena da ikasleek txikitatik euskaraz ikasten dutela, Lanbide Heziketan eta  unibertsitatean ere aukera dutela horretarako, baina lan-mundura datozenean esparru guztiz erdalduna aurkitzen dute. Irakasgai hori zintzilik dugu guztiok; langile euskaldunok, enpresek eta administrazioek.

Zuk egindako lana eredugarri ikusten duzu beste batzuentzat?

Gehiegi iruditzen zait hori esatea. Askoren lana izan da ni neu ere euskararen arloan ibiltzea. Beste askori esker izan ez balitz, neuk ere lana erdaraz egin beharko nukeen. Lan-munduan euskara bultzatzen aritu diren talde guztientzat da sari hau.

 


Ikus elkarrizketa Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartearen aldizkarian: 

19.zenbakia - Bai Euskarari Sariak

#BaiEuskarariSariak 2016 ekitaldiari buruzko informazio, argazki eta bideoak hemen.

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago