Umoreak abuztuaren 11an altxatuko du oihala Araian, kaleko eta barruko lanekin, ume eta helduentzako obrekin. Lehenengoa Txalo Produkzioak konpainiaren Mitad y mitad lana izango da; Iker Galartza eta Jose Ramon Soroiz aktoreek altxatuko dute, 22:30ean, Arrazpi Berri kiroldegian.
Paolo Nani komediagilea izango da, egun bat beranduago, La Carta lanarekin eta Pez Limboren Almacenes la Parisienne hitzik gabeko ikuskizuna ere aurkeztuko dute. Larunbatean, abuztuaren 13an, Philo & Jole, Paolo Nani pailazoa eta Zanguango taldearen lanak ikusi ahal izango dira Araiako kaleetan eta kiroldegian. Eta igandean, Florido Pensil Neskak obra arrakastatsua eta El Perro Azul taldearen lan berriarekin gozatu ahal izango dute antzerkizaleek. Abuztuaren 15ean amaituko da jaialdia, Trapu Zaharrak aurkeztuko duen Ongi Etorri Findemundo eta Golden Apple Quartet laukote ezagunarekin.
Jaialdia, hainbat herritara
Araian ez ezik, lurraldeko beste hainbat herritara ere zabalduko dira Araiako Jaialdiko antzerkiak. Abuztuaren 8an hasiko dira aurkezpenak Bastida eta Luiaondon, eta beste 15 herritara helduko dira hogei egunetan zehar; Abezia, Amurrio, Aramaio, Gesaltza Añana, Laudio, Maeztu, Markiz, Okondo, Urizaharra, Rivabellosa, Salcedo, Zaitegi, Zanbrana eta Zekuianon izango dira antzezlanak.
Jaurlaritzaren laguntzarik gabe
Araiako jaialdiak aurreko urteko aurrekontuari eutsiko dio –91.000 euro–, baina zailtasunekin, Javier Alkorta jaialdiaren zuzendariak aurkezpenean azaldu duen moduan, Eusko Jaurlaritzaren urteroko laguntza bertan behera geratu eta gero: "Azken momentuan jakin dugu, gainera, eta erreakzionatzeko ia denborarik gabe, baina lortu dugu beste laguntza batzuen bitartez jaialdiari eustea". Hurrengo urterako diru-laguntza hori berreskuratzea espero du: "Baina ez Araiako jaialdiak bakarrik; formatu txikiko beste jaialdi batzuk ere kanpoan geratu dira eta laguntza ezinbestekoa dute aurrera egiteko".