Zer da zuentzat Bai Euskarari saria jasotzea?
Hagitz pozgarria izan da, eta benetan harro eta esker oneko sentitzen gara, gure kasuan aintzat hartu delako euskararen erabilera normala. Sari honek ikusbidea eman dio egunerokotasunean barneratua dugun lan egiteko modu bati.
Oso argi duzue euskarak duen garrantzia zuen proiektuan. Zein balio ematen dio horrek proiektuari?
Zugarramurdin kokatuta dauden Sorginen Museo eta Lezeak, bertako historiaz hitz egiten digutenek, edukiak euskaraz adieraziko ez balituzte arraroa eginen litzaiguke, ezta? Hemen lehen momentutik, museoaren egitasmoa proposatu zenetik, eta ondoren burutu ditugun bisita eta ekimen ugarietan kontutan hartu da euskararen erabilera.
Bitxia da, eta aldi berean aberatsa, lankideon artean eta zerbitzua ematean Bortzirietako euskara, baztandarra edo lapurtera erabiltzen ditugula, bakoitzak dakarrena eskaintzen duelako.
Zein neurri hartzen dituzue euskara lehenesteko?
Edozein bisitari edo hornitzailerekin zuzenean nahiz e-postaz harremanetan jartzeko lehen hitza beti euskaraz izaten da, eta gauza bera agurtzerakoan. Erantzungailuko mezuan ere ordutegiei buruzko informazioa lehenik euskaraz aditu daiteke. Argitaratzen ditugun afixa eta eskuorrietan ere euskarak badu presentzia, gehienetan elebitan egiten baititugu.
Zuena ez da museo soil bat, Xareta eskualdeko dinamizatzaile ekonomiko bihurtu zarete bertan turismoa sustatuz.
Bai, eta gainera hori zen helburua hasieratik: Xaretan gauden lau herriok (Ainhoa, Sara, Urdazubi eta Zugarramurdi) bertako ondarea balioan jartzea, kanpotar zein etxekoei modu zehatz eta erakargarrian ezagutzera emateko, eta honen atzean dagoen tokiko garapen proiektua behin ere bistatik galdu gabe.
Iaz 25.000 lagunek bisitatu zuten Sorginen Museoa eta 106.000tik goitik Lezea. Hau 210 biztanle dituen herri batentzat ez da guti, eta ongi kudeatuz gero zugarramurdiar aunitzi aukera ematen zaie herrian bizi eta lan egiteko, eta tarteka elkarrekin antolatzen ditugun kontzertu eta proiekzioez disfrutatzeko.
Zein izan dira eskualdeko lorpen handienak Sorginen Museo eta Lezea sortu zirenetik?
Azkeneko urteotan teknikariok eta auzapezek elkarlanean aritzeko dinamika polita mantendu dugu, turismo mailan ekimen komunak burutuz eta promozio arloan eskaintza bateratua landuz. Berriki, azkeneko Xareta egunean, www.xareta.eus webgunea aurkeztu dugu, paraje hauetako leku bisitagarri eta jardunaldien berri izan nahi duenarentzat martxan dena.
Zein izan da Sorginen Museoak eta Lezeak izandako bilakaera? Zer nabarmenduko zenukete ibilbide horretan?
Gaur egun, edonon identifikatzen da Zugarramurdi Sorginen herria-rekin. Noski, Alex de la Iglesiaren filmak izan du bere eragina, baina nabarmendu nahiko genituzke erabakigarriak izan diren bertze puntu batzuk ere.
Errate baterako zugarramurdiarrak hagitz mugituak dira eta beldurrik gabe ematen diote baietza interesgarritzat jotzen den edozein ekimen berriri. Beraz bizilagunen kuraia eta prestasuna eskertzekoak dira.
Aipatzekoak dira, halaber, 2007tik aitzin Zugarramurdiko Garapena enpresatik bultzatu diren ekimen berritzaileak, izpiritu ekintzailez eta ilusioa galdu gabe aitzinera eraman direnak, batzuetan bisitarien nahiei erantzunez eta bertzeetan biztanleei begira.
Urte hauetan Udalarekin eskutik joateak ere bidea erraztu du. Gauzak horrela, "ezinezkoa" hitza gutitan erabiltzen dugu hemen...
Zer eskaintzen diozue bisitariari?
Eskaintza ugaria dugu: turismo bulegoa, denda, gidatutako bisitaldiak museoan eta lezean, sorgin batek gidatutako bisitaldia, eskolentzako tailer didaktikoak, bisita antzeztuak, Alex de la Iglesiasen Zugarramurdiko sorginak filmean oinarritutako bisitaldia, proiekzio eta hitzaldiak… Uda honetarako bisita berezi bat garatzen ari gara, laister www.turismozugarramurdi.com webguneko agendan sartuko duguna.
Zeintzuk dira gaur egun museoaren helburu eta erronka nagusiak?
Museoan nahiz Lezean osatu ditugun bisita eta tailerrak lantzen jarraituko dugu, publiko ezberdinen berezitasunak kontuan hartuz, eta beti esperientzia edo bizipenen arloan indarra jarriz.
Gure ekipamendu kultural hau ere erreferente bihurtu da herritarrentzat, errotu da, eta honen adierazgarri auditoriuma edo ganbaran dugun aretoa noiznahi erabiltzen direla, talde ezberdinen beharrei erantzuteko. Dinamika honekin jarraitzea ezinbestekoa iruditzen zaigu.
Eta epe laburrera, 2017an Sorginen Museoaren 10. urteurrena ospatuko dugu, beraz laster hasi beharko dugu egitasmo eta ideia guziak mahai gainean jartzen datorren urteko egitaraua zehazteko.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.