Aita Baztarrika apaiz ataundarra Estibalizko fraide beneditarren buru, euskaltzale, bertsozale eta euskaltzain urgazlea izan zen. Gainera, bere figura garrantzitsua izan zen Araban, bai euskalgintzan, bai eta hizkuntzaren eta kulturaren sustapenean.
Haren familiak bultzatuta eta Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza zein beste erakunde batzuen babesarekin, Aita Baztarrikaren bizitzari buruzko dokumentala osatzea lortu dute. Isidro Baztarrikak duela 50 urte euskararen alde egindako lana gogoratu eta nabarmentzea izan da bideo honen helburua.
Bideoaren aurkezpenean izan dira, besteak beste, Jexux eta Maribel Arin Isidro Baztarrikaren ilobak, Agustin Apaolaza Estibalizko fraide beneditarra, Manuel Ruiz Urrestarazu ohorezko euskaltzaina eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea, omenduari buruzko pasarteak gogoratzen.
Araban euskarak izan duen bilakaera neurri handi batean Aita Baztarrika bezalako jendeari zor diogula azpimarratu nahi izan dute gonbidatuek.
Aita Isidro Baztarrika Munduate
Aita Isidro Baztarrika (Ataun 1931-Estibaliz 1992) idazle euskaltzalea Ataungo Arbotoneta baserrian jaio zen 1931ko uztailaren 15ean. Gaztetan, San Gregorioko eskola zaharrean ibili ondoren, 9 urte zituela, Lazkaoko Beneditarren etxean sartu zen. Bertan, 23 urte egin zituen. Hala ere, tartean, 1953tik 1955ra arte, Erromako San Anselmo ikastetxera joan zen teologia ikasketak burutzera. Bere ikasketak bukatutakoan Lazkaora itzuli zen eta, bertan, teologia irakatsi zuen. 1954ko uztailaren 30ean apaiztu zen Loiolan. Lazkaon egon zen bitartean euskalgintzari loturiko pertsonaia esanguratsua zen Elbira Zipitria ezagutu zuen eta berarengandik euskal aditzaren inguruko metodologia ( NOR-NORI-NORK) jaso zuen. Urte horietan, euskarazko eskolak ematen ibili zen Ordiziako Laguntasuna elkartean.
1965an, euskaltzain urgazle izendatu zuen Euskaltzaindiak eta, urtetan zehar, euskaltzale esanguratsuekin harremanak izan zituen.Hala nola, Nikolas Ormaetxea “Orixe”-rekin; Norbert Tauer euskalzale txekiarrarekin; Andima Ibinagabeitia, Elantxoben jaio eta Caracasen hil zen euskaltzalearekin; Jokin Zaitegi, Euzko-Gogoa aldizkariaren sortzailearekin.
Garai horietan, Ikastolen mugimendua sortu zen eta bera bultzatzailetako bat izan zen Izaskun Arruekin batera. 1968an, Estibalizen Aita Isidrok, “Aditza el secreto del verbo vasco” liburua osatu zuen.
Arantzazun Euskaltzaindiak antolatutako jardunaldietan, Euskara Batuaren bilera nagusi hartan parte hartu zuen Arabako ordezkari gisa Manuel Ruiz Urrestarazurekin batera. Euskalgintza arloa zen elizgiroko beste gaiez gain, bere lanen zutabe nagusia. Euskaraz idatzi eta hitzaldiak egiteko dohai berezia erakutsi zuen. Hizkuntzekin ere izan zuen harremanik. Izan ere, zortzi hizkuntzetan moldatzeko gaitasuna zuen, baina berak esan bezala kuttunena amak emandakoa zen, etxekoa, euskara.
1992. urtera arte Estibalizen bizi izan zen Aita Isidro, bertako priore zela, eta gaixotasun luze baten ondorioz 60 urte zituela zendu zen martxoaren 24ean.