Sexu erasoetarako salaketa telefono bat izango da Gasteizko jaietan

Erredakzioa 2016ko uzt. 18a, 17:43

Arreta jasotzeko  945-13 44 44 telefonoa erabili ahalko da; txosna eta tabernetan argibideak izango dira.

Gasteizko Udalak aurtengo jaietan sexu erasoen aurreko prebentzio eta esku-hartze kanpaina aurkeztu du."Ez da gizon batzuen arazoa, emakume batzuei eragiten diena; beraz, guztion ardura da edozein eraso matxista erantzunik gabe ez geratzea, eta erasotzaileek itxuraz duten inpunitatea mugatzea", nabarmendu du Berdintasunerako zinegotzi Jaione Agirrek. Hala, jaietan izan daitezkeen sexu erasoak salatzeko telefono zenbakia (945-13 44 44) jarriko du martxan Udalak.

Era berean, informazio eta aholkularitza gune bat jarriko dute, eraso eta abusu matxistarik antzemanez gero, zalantzak edo arazoak konpontzeko eta sostengua emateko. 12:30etik 14:00etara eta 19:00etatik 21:30era egongo da zabalik. Gainera, Ai Laket! elkartearekin lankidetzan, emakumeei zuzenduta landu duten drogen erabilera eta kontsumo arduratsuari buruzko gida banatuko da; elkarteak informazio-leku bat jarriko du Gaztetxearen aurreko plazan, uztailaren 23an (00:00etatik 03:00etara), eta  abuztuaren 4tik aurrera doako testak egingo dira txosnen esparruan, 23:30etik 02:30era. Halaber, txosnetan eta jaietan jende gehien ibiltzen den inguruetako tabernetan kartelak jarriko dira, eraso matxista zer den eta horien aurrean nola jokatu behar den jakinarazteko.

Kanpaina hau prestatu ahal izateko, lan saio bereziak izan dituzte blusa eta neska taldeekin; zehazki, 25 taldeetako zuzendaritza-batzordeetako 100 kide baino gehiagorekin izan da prestakuntza lana, eta lantegi bereziak egin dituzte ostalaritza establezimenduetako eta txosnetako kideekin, txosnen eta Gasteiz On merkatarien elkartearen bitartez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago