ALEAk ekainean argitaratu zuen Merlin Properties higiezin agentziak Arasurreko %88a erosteko interesa zuela, eta Kutxabankekin negoziatzen ari zela akzioak erosteko. Informazioaren harira, Arabako Batzar Nagusiek mozioa onartu dute. Horretan hemendik aurrera Arabako Foru Aldundiak eta beste instituzio publikoek soilik euren jabegoari dagokionez inbertsio proportzionalak egitea onartu dute. Horrez gain, gune logistiko honetan dituen akzioak ez saltzea eskatu diote Batzar Nagusiek Kutxabanki.
EH Bilduk aurkeztu zuen jatorrizko mozioa baina testu alternatibo bat adostu zuten ostiralean PP, Podemos eta Irabazi batzarkide taldeekin. Izan ere, EH Bilduk adierazi duenez, "azken urte hauetan Arabako Foru Aldundiak 85 milioi inbertitu ditu duela hamar urte zabaldu zen gune logistiko honetan. Jabegoan hainbat aldaketa izan ostean, gaur egun Arabako Foru Aldundiak soilik akzioen %1,95a dute baina Arasurren tren bazterbidearen lanak hasi zirenean 2013an Aldundiak inbertsioaren %30a hartu zuen bere gain".
Kide Fernandez de Pinedo bozeramaile abertzaleak azaldu duenez, “ez litzateke izango lehenbiziko aldiz azpiegitura bat inbertsio publikoarekin egin eta esku pribatuetan gelditzen dena, baina horrez gain, hemendik aurrera egiten diren inbertsioak proportzionalak izatea aldarrikatzen dugu”. Azkenik, eta beste talde politikoek proposatuta, hemendik eta urte amaiera arte kudeaketa plan bat eskatu diote Arabako Foru Aldundiari eta Bilboko Portuari.