Barrikadarik ez zen jaso Gasteizko kaleetan duela 80 urte, ez zen errepublikaren aldeko manifestazio eta proklamarik izan, baina Arabako hiriburuan golpisten garaipena ez zen batere argi egon gerra egoera ezarri eta hainbat egun igaro arte. Uztailaren 20an, astelehena, komunista, sozialista eta anarkistek grebara deitu zituzten langileak eta hiriko saltoki nahiz tailerrak itxita egon ziren. Uztailaren 23an hegazkin batek esku-orriak jaurti zituen Langileak! izenburuarekin: “Zuen familien bake eta lasaitasunarengatik, langile zintzoak, hartu ezazue laguntasunez mugimendu zibiko-militar hau, itotzen gintuen ustelkeria eta zaborra jasotzera baitator”.
Zer gertatu zen egiatan altxamenduaren lehen egun haietan? Gasteiztarrek beso zabalik egin al zieten ongi etorria probintziako errekete saldoei? Astelehen egunsentian kaleetan lurrunik ere ez zen entzuten: greba, beldurra, desinformazioa... Balantzak beste aldera egin zezan, txinparta baino ez zela falta izan pentsatzeko zantzuak badaude; Gasteizen errepublikar kontzientzia eta langilegoaren antolakuntza aski errotuta zeudela erakusten dute aurreko urteetako borrokek. Baina gobernadore zibilak ez zien Fronte Popularreko eta EAJko kideei armarik eman nahi izan, eta behin agintea militarren esku, “jarrera susmagarrian” zebilen ezein jenderi tiroa jotzeko agindua emana zegoen. Grebak porrot egin zuen.
Lana, langilearen arma
Makinaren garaia hasi eta lana merkantzia bihurtu zenetik, langileek eurena duten altxor bat erabili izan dute hobekuntzak lortzeko arma nagusitzat: lanera ez joan. Greba orokorrak esanahi ugari izan ditu historian zehar eta XX. mende hasieran kutsu iraultzailea hartua zuen. Anarkistek eta komunistek emantzipaziorako lehen pausotzat zuten eta ez da harritzekoa 1936an Marokon militarrak altxa zirela jakiterakoan hainbat hiritan lanuzteak deitzea, asteburua izanik ere.
Hala gertatu zen Madrilen eta Bartzelonan. Azkeneko honetan, Companysen Generalitataren duda-mudak eta aginterik eza ikusita, langileek hiriko hainbat biltegi asaltatu eta armak eskuratu zituzten. Bartzelonan CNT antolakundea oso indartsu zegoen, 20.000 miliziano gutxienez bazeuden iraultzarako prest. Ehun-fabriketako sirenak entzun bezain laster kuarteletatik hiri erdigunera zihoazen soldadu matxinatuen kontra jo zuten, asaltoko guardien laguntzaz, greba deialdia horretarako kontsigna balitz bezala.
Langileek protagonismo bera izan zuten industria-sare sendoa zegoen beste toki askotan, Miranda Ebron adibidez. Arabako mugan dagoen herri koxkorrean trenbidearen etorrerak bertakoen izaera obreroa bultza zuen. Uztailaren 18an altxamendua gertatu bezperan emakumeek manifestazioa egin zuten ogia 0,60 pezetan zegoela salatzeko, eta irin-fabrika ere eraso zuten. Hurrengo egunean herria trenbideetako langileen esku geratu zen, harik eta guardia zibilen destakamendu batek haien kontra egin zuen arte. Gazte askok Zadorra ibaian gora ihes egin zuen, baina Zanbranara iristean errekete eta falangistak zituzten zain, apaiz batek gidatuta, eta tiroz josi zituzten. Gutxienez zazpi hil zituzten, euskal lurretan gertaturiko lehen sarraskietakoa izan zen hura.
Gasteizen baina, XX. mende hasieran apenas zegoen fabrika handirik, Ajuria familiaren esku geratu zen Metalúrgica Vitoriana Meta zaharra izan ezik; bertan nekazaritzarako makinaria egiten zuten. Gasteiz, Iruñea bezala, “Covadonga berri” baten hiriburua zela pentsa zitekeen, landa guneak, karlismoak eta burgesia kontserbadoreak dominaturiko ernamuin konkistatzailea. Eta hala ere, greba orokorra? Erraza da ulertzea. Hiriko tailer txikietan, ostatuetan, okindegi eta abarretan sindikatuak gero eta antolatuago zeuden eta aurreko urte eta hilabeteetan jadanik erakutsia zuten borrokarako gaitasuna.
Gasteiz lasaia?
Altxamendua gertatu baino aste batzuk lehenago beste greba orokor garrantzitsu bat izan zen Gasteizen, kasu honetan lan baldintzak hobetzea eskatzeko: lan astea 44 ordura jaistea, ixtear dauden industriak langileen esku geratzea, destajuko lanik eta ordu estrarik ez, etxebizitza duinak... Sindikatu guztiak inplikatu ziren grebarekin, UGT, ELA-STV, CNT eta baita Langile Katolikoen Sindikatua (SOC) ere. Lehenik komisio bat osatu zuten Arabako patronalarekin negoziatzeko, baina enpresariek eskakizunei entzungor egitean grebara deitu zuten. “Badakigu Gasteizko langile klaseak duen espiritua zein den –dio haien komunikatuak– eta ez zaigu beharrezko ere iruditzen esatea borrokatu egin behar dugula”.
Maiatzaren 25ean hiria erabat geldi esnatu zen: “Zalantzarik gabe, langile-fronte zabalena, indartsuena eta aho batez Gasteizen iraupen luzeena izan duen greba da”, onartu zuen Tomás Alfaro argazkilari eta jarduneko alkate errepublikarrak. Aste osoan mobilizazioak eta liskarrak izan ziren, saltokietako kristal batzuk hautsita, ilarak oinarrizko elikagaiak lortzeko... Gobernuak ordezkaria bidali zuen greba batzordearekin konponbide bat adosteko eta maiatzaren 29an 3.000 langiletik gora bildu ziren asanbladan Frontón Vitorianon. Hurrengo egunean akordioa lortu zuten, eskakizun ugari aintzat hartuta, tartean 44 orduena.
Euskal Herriko eremu industrializatuenetan –Bizkaian eta Gipuzkoan– ez zen halako mobilizazio handirik izan hilabete horietan, bai ordea “lasaiagoa” omen zen Gasteizen. Zergatik? Ezkerreko gobernuaren aldekoen nahiz kontserbadoreen ustez, greba hura “lekuz kanpo” zegoen eta Espainian bizi zen giroari lotu behar zitzaion –Vigon, Valladoliden eta Bartzelonan greba gatazkatsuak izan ziren garai beretsuan–.
Tentsio politikoak gorantz egin zuen azken bi urteetan Estatu osoan. 1933an Casas Viejaseko sarraskia –18 hildako– langileen kontrako errepresio basatiaren sinbolo bihurtu zen, eta 1934ko urriko iraultzaren ondorengo zapalkuntza ere ez zen nolanahikoa izan. Gasteizen insurrekzio hura “oso eskasa” izan zela irakur daiteke hainbat historia liburutan. Baina orduan, nola ulertu liskarrek iraun bitartean ogia hiriko toki bakarrean baino ezin erostea? Zergatik itxi zituzten UGT eta ELA-STVren lokalak? Guztira 37 lagun atxilotu zituzten hiriburuan, zenbait kasutan lehergailuak egitea egotzita.
Askorentzat 1934ko errepresioa bi urte geroago gerran etorriko zenaren entsegu moduko bat izan zen. Militarrek aspaldi erabakita zuten nola konpondu auzi soziala: Arrifeko moroekin egin bezala. Hala, konspirazioak biderkatu egin ziren 1936ko uda iritsi ahala, erreketeen maniobrak eta arma-kontrabandoa areagotu.
Álava Republicana egunkarian behin baino gehiagotan salatu zuten egosten ari zena, Gasteizko kuarteleko kapitain mediku batek, Luis Sánchez Capuchinok, eta Flandes errejimenduko komandante Ramon Saletak informazioa filtratzen baitzien. Golpea ematerakoan, Antonio García Lorencés egunkariko zuzendariaren kontra auzi militarra zabaldu zuten filtrazio horiengatik. Baina behin faxismoa gailenduta ez zuten tribunalik behar izan bera hiltzeko, azaroaren 22an presondegitik atera eta fusilatu egin zuten.
Arabako agintari militar Camilo Alonso Vega jenerala leporaino zegoen sartuta altxamendua antolatzen, inguru horretako kazike handiena zen Jose Luis Oriol tradizionalistarekin eskuz esku. Hala ere, azken unera arte duda asko izan zituzten goarnizioek bat egingo ote zuten, zenbait errejimendutan, artilleriakoa kasu, CNTko soldadu asturiar ugari baitzegoen. Eguna eta ordua iritsita, beti bezala, goikoak pokerrean jokatzen aritu ziren behekoen bizitzekin.
Altxamendua versus greba orokorra
Altxamenduak egoera oso desberdinak sortu zituen Hego Euskal Herrian. Nafarroa Estatuko matxinatuen epizentro nagusi bilakatu zen milaka erreketek Iruñeko Gazteluko Plaza hartu zuten une beretik. Bizkaian militarrek errepublikaren alde egin zuten argi eta garbi. Donostian, Loiolako kuartelean zeudenak ez atzera ez aurrera ibili ziren hasieran. Ezkertiarrek, aldiz, asalto-guardien egoitza okupatu eta armak eskuratu ondoren greba orokorra deitu zuten uztailaren 18an bertan. Sekuentzia hori erabakigarria izan zen ondoren Gipuzkoako hiriburuaren defentsa antolatzeko: dela Larramendi kaleko barrikadan, dela Maria Cristina hotela erasotzerakoan, gizon eta emakume milizianoek kuraia izugarria erakutsi zuten.
Gasteizen alderantziz gertatu zen, militarrek hartu zuten aurre. Altxamenduaren egunean Dato kalea zurrumurru bat zen. Karlistak biltzen ziren Arabar Anaitasunaren egoitzan istiluren bat edo beste gertatu zen eta Navarro Vives orduko gobernadore zibilari lokala ixteko eskatu zioten errepublikarrek, baita armak emateko ere. Guardia zibilen komandantea bera ere horretarako laguntzeko prest azaldu zen. Florida parkean ehunka lagun bildu ziren “borroka egin nahi dugu, faxistei bidea itxi, gora errepublika!” oihukatuz.
Jose Luis Lonbana abokatu eta Eusko Gaztediko kideak Gasteizen gertatutakoaren testigantza utzi zion Jose Migel Barandiarani, Iparraldera ihes egin zuenean. Bere esanetan 37.000 fusil lortzeko zorian izan ziren arratsalde hartan: “Esan ziguten Gobernu Zibilean sarjentu bat azaldu zela artileria parkeko giltzak eskuan zituela”. Baina gobernadoreak ez zuen ezer egin; kargua utzi eta Bilbora ospa egiteko baimena lortu zuen militarrengandik, bere jarrera otzanaren sari gisa agian. Ordu gutxira militarrek “gerra egoera” aldarrikatu zuten.
Hortik aurrera hasi ziren lehen atxiloketak, eta hainbat lokal itxi zituzten, tartean Eusko Gaztedirena, UGTrena eta baita Zirkulu Errepublikarra ere; azkeneko honen arbelean oraindik irakur zitekeen uztailaren 19rako legalitatearen alde deituriko manifestazioa. Ez zen sekula egin.
Uztailak 20, astelehenarekin greba orokorra. Egunkarietako errotatibak itxita, Ajuriaren fabrikan langilerik apenas, esnerik eta ogirik ez, eta saltoki gutxi irekita. Panorama horrek eta gasteiztarren hoztasunak, urduri jarri zituen altxaturiko agintariak. Desinformazio eta mehatxu kanpaina bat jarri zuten abian berehala. El Pensamiento Alavés egunkari erreakzionarioak ohar faltsua kaleratu zuen UGT eta CNTren izenean herritarrei lanera itzultzeko eskatuz; gezurrezko paskinak ere azaldu ziren kalean helburu berarekin. Hala ere grebak beste hiru egunez iraun zuen gutxienez.
Uztailaren 23an gobernadore berriak bandoa zabaldu zuen, gogoraraziz lanera itzultzen ez ziren langileei kontratua etengo zitzaiela: “Nagusiek hurrengo 12 ordutan zerrenda helaraziko didate euren industria, tailer eta obretan despedituak izan diren langileen izenekin”.
Ordurako makina bat lagun Bizkaia eta Gipuzkoa aldera igarota zegoen ordea, frontea marraztuta, erretagoardiako munstro errepresiboa martxan zen. Lehen fusilatua, hain justu, hilaren 20an lanera joan ez zen okin grebalari bat izan omen zen.
1936-1976-2016
Hasierako jarrera zalantzatiak zerrenda beltz, garbiketa eta fusil kolpez uxatu zituzten faxistek. Gasteizko kartzelan preso kopurua laukoiztu egin zen egun gutxitan. Uztailaren 25ean, Santiago eguna, falangisten kuartelean hainbat emakumeri ilea moztu eta akain-olioa edanarazi zieten.
Fusilatze masiboak abuztuan hasi ziren, “jendearen gogoa” epelegia zelako. Agintariek abisua emana zuten: “Araba osoan eta Gasteizen bereziki”, inor ausartzen bazen “tontakeria txikiena” egitera, euren esku zeuden bahituak fusilatuko zituzten derrenpentean. Abuztuaren 14an Gorbeian atxilotutako bost mendigoizale hil zituzten eta hurrengo asteetan fusilatzeak ugaritu egin ziren, batez ere Millan Astray mugimenduaren propaganda arduradunak hiria bisitatuz geroztik.
Columba Fernández anarkista ere egun horietan hil zuten, Foru kalean zegoen emakumeentzako espetxetik atera ondoren –hamarnaka emakume pilatu eta jazarri zituzten hainbat hilabetez bertan–. Fernández ezaguna zen Gasteizko langile mugimenduan lehen lerroan borrokatu izanagatik, eta ez zioten halakorik barkatu. Diputazioko presidente Teodoro Olartek eta Gasteizko alkate Teodoro González de Zaratek ere patu bera izan zuten, Arabako beste 300 lagun inguruk bezala.
“Badirudi antipatiaren izotza hausten hasi dela langileen artean”, zioen El Pensamiento Alavések pozarren uda odoltsu haren amaieran. Ez zuten sekula pentsatuko 40 urte geroago asanblearismoa inoiz baino indartsuago egongo zela Gasteizko auzo berrietan, eta haien oinordekoek berriz ere langileen odolez tindatuko zituztela hiriko espaloiak 1976ko martxoaren 3an. Gasteiz lasaiak azala zuri baina zainak gorri dituenaren seinale.