"Sistema aldatzeko, diskurtso indartsuenetakoa da klimarena"

Anakoz Amenabar 2016ko uzt. 16a, 11:00

Ingurumen eta ekonomia gaietan aditua da Unai Pascual. /Alea

Klima aldaketaren ondorioak geldiezinak izango badira ere, haren indarra txikiagotzeko neurriak hartu eta erakundeen arteko lana koordinatzen hasi behar dela uste du Unai Pascualek

 

Klima aldaketak atzera bueltarik ez duela argi du Unai Pascualek (Gasteiz, 1973), eta horri aurre egiteko mahai gainean dauden tresnak koordinatu eta administrazioei presioa egin beste biderik ez dagoela dio. Laino ezkorraren artean, ordea, klima aldaketaren kontrako diskurtsoa beste esparru eta borroka batzuetan eragiteko baliagarri izan daitekeela uste du. Udalerri txikietatik hasita, –Zuia Kuadrillari erreparatu dio– aldaketa horietarako "urrats interesgarriak" egiten ari direla uste du.

Klima aldaketa hurrengo urteetako arazo nagusietako bat izango dela diote azterlan guztiek, baina herritarrek sinistu al dute erronka bat denik? 

Uste dut benetako aldaketa izan dela azkeneko bost urteetan. Orain dela hamarkada bat ez zen klima aldaketa medioetan agertzen orain azaltzen den moduan, eta kontzientziazio maila nahiko zabala dagoela uste dut, gutxienez kontu batean: klima aldaketa benetan gertatzen ari da, hemen dago eta egia da, ez da asmakizun bat, eta garai batean aipatzen zen ezjakintasun zientifikorik ez dago.

Aldiz, nahikoa egiten dugu horri aurre egiteko? Opor garaia dator, kotxe iladak nonahi, 12 orduko hegaldiak... 

Orain dela urte batzuk erronka zen hau egia zela ikusaraztea, eta oraingo erronka handiena da mugiaraztea, maila guztietan, norbanakoaren esparruan eta baita administrazioek kudeatzen dutenaren gainean presioa eginez. Eguneroko ohiturei aurre egitea da helburua, oso indartsuak baitira eta horri nola buelta eman pentsatzen hasi behar dugu. Jendea geldi dago, ez daki zer egin eta nondik hasi; bakoitza bere esparrutik, bere herritik, bere lagun taldetik baldintza txikiak jartzen hasi behar da trantsizio hori eman dadin eta horretarako batez ere politika eraginkorrak behar dira. Udalerrietan, esaterako, aukera asko dago energia mailan, edo mugikortasunari dagokionean.

 Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 69. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago