Bihar, uztailaren 15ean, Greziako Tesalonika hirira abiatuko den 40 pertsonez osatutako karabana aterako da Gasteiztik, errefuxiatuek pairatzen ari diren "egoera jasangaitza" salatzeko. Autobusez joango dira eta lehenengo geldialdia Iruñean izango da, non Euskal Herritik joango diren bi autobusak elkartuko diren. Ondoren, Bartzelonan beste hiru edo lau autobus gehituko zaizkie eta Italiaraino abiatuko dira; bertan ferria hartuko dute, Greziara heltzeko.
Asilo legea betetzea
Gasteiz Irekia plataformak eta Lautada Bero kolektiboak martxan jarri duten Greziarako karabana.Mugak irekiz ekimen "sinboliko" honen helburua "nahita ezkutatzen ari diren errealitateari ikusgarritasuna ematea da", azaldu du Gasteiz Irekia plataformaren kide Mikel Garmendiak. Izan ere, egun Grezian 50.000 errefuxiatu daudela gogorarazi dute, "baldintza penagarrietan". Hori dela eta, Greziara eraman nahi duten mezua honakoa da: "Gu prest gaude errefuxiatuak ekartzeko, baina horretarako, agintariek, oztopoak eta aitzakiak jarri ordez, teorian onartuak dituzten giza eskubideak praktikan jarri eta beteharazi behar dituzte". Egoera horren aurrean, asilo legea betetzeko eskatuko diete bertan dauden enbaxadeei. "Esango diegu errefuxiatuak ez baditugu hartzen borondate falta dagoelako da", gaineratu du Garmendiak.
Era berean, Tesalonikako errefuxietuen zentrora joaten saiatuko dira, bertan, lantegiak, bilerak eta jarduera anitz egiteko. Manifestazio bat egiteko asmoa ere agertu dute karabanan abiatuko diren kideek. Elkartasun karabana uztailaren 25ean itzuliko da Arabara.