Abelbideak proiektuak Europa zeharkatuko du, artea eta memoriaren inguruan hausnartzeko

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko uzt. 12a, 13:15

Irantzu Lekue artista eta Iñaki Landa kazetaria Gasteiztik Poloniara joango dira bizikletan. Bidetik topatuko dituzten arte adierazpen ezberdinak jaso eta dokumentatuko dituzte teknologia berriak erabilita.

 

Abelbideak proiektu artistiko esperimentala aurkeztu dute Irantzu Lekue artistak eta Iñaki Landa kazetariak, “proiektu kultural, artistiko eta komunikatiboa”. Uztailaren 18an Gasteiztik abiatuko dira bizikletan eta Poloniako Wrocklaw hiriraino joango dira, sei herrialde zeharkatuz: Frantzia, Suitza, Alemania, Austria, Txekiar Errepublika eta Polonia. Bidaiak iraungo duen 35 egunetan, 2600 kilometro egingo dituzte. Ahal duten neurrian, errepideak ekidingo dituzte eta Eurovelo ibilbideak jarraituko dituzte. Lo egiteko, berriz, AirBnb eta Warmshowers txirrindularien komunitatea erabiliko dituzte. Warmshowers komunitatea mundu osoko txirrindulariek osatzen dute eta lo lekua eta dutxa eskaintzen diete mundutik zehar ari diren beste txirrindulariei.

 

 

Arteak kalean uzten duen aztarnetan erreparatu

Helmuga zehatz hori aukeratu dute, hain zuzen ere, aurten  Wrocklaw, Donostiarekin batera, Europako Kultur Hiriburua delako. “Guk bi hiri hauen arteko zubi metaforiko bat sortu nahi dugu, hiri hauetatik haratago doan zubia eraiki nahi dugulako”, adierazi du Iñaki Landa kazetariak. Asmoa da normalean erreparatzen ez dugun arte adierazpenetan arreta jartzea izango da eta horretarako, arteak kaleetan uzten dituen aztarnetan erreparatuko dute hurrengo egunetan, horien inguruko dokumentazioa batu eta, aurrera begira, horren hausnarketa egiteko.

 Zehazki, bi arte esku-hartze mota ezberdinetan erreparatuko dute arabarrek: gizarte arte edo arte sozialean, eta memoria lantzen duen artean. “Gizarte artearen baitan muralismoa, street art-a, esku-hartze artistikoak, instalazioak eta performance-etan jarriko dugu arreta”, azaldu du Lekuek. “Memoria lantzen duen arteari dagokionez, elkarbizitzara gerturatzen gaituen horretan erreparatuko dugu gaia mahai gainean dagoen momentu honetan”, gaineratu du.

 abelbideak.eu webgunea ikusgai

Ikusitako arte adierazpen eta gertaera guztiak dokumentatu egingo dituzte  eta “oso gurea eta oso pertsonala” izango den mapa batean txertatuko dute informazio hori guztia baina, “aldi berean, denona izango den mapa batean dokumentatuko dugu”. Horretarako, egungo teknologiak eskaintzen dituen baliabide guztiak erabiliko dituzte istorio bakar bat kontatzeko baina, aldi berean, kanal bakoitzean istorio horren zatiak, pasarteak kontatzen joango dira. “Horrela, erabiltzaileak, kanal bakoitzetik istorio batzuk jasoko ditu eta guztiak bateratuta egongo diren leku bakarra proiektuaren webgunea izango da”, azaldu du Landak.  Hau da, erabiltzaileak twitter bidez istorio batzuk jasoko ditu, beste batzuk Facebook, Instagram, Periscope edo Soundcloud bidez. Denak jarraitzeko modu bakarra  abelbideak.eu webguneko story map-a jarraitzea izango da.

 

 Abelbideak proiektuak Joseba Sarrionaindiaren Hitzen ondoeza poesia hartu du oinarri.

Bideak, errepideak, galtzadak, gurpideak, xenderak, abelbideak, estartak…

Nondik eta nora doaz hain mutu?

Batzutan hartu egin ditugu. Gehienetan bideek hartzen gaituzte gu.

Denonak dira? Edozeinenak dira? Ala ez dira inorenak?

Bide laburrik ez da. Beste batzuk luzeagoak dira

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago