Santa Maria katedralak azpian ezkututa gordetzen zituen kriptak museo bihurtu dituzte eta hemendik aurrera ikusgai izango dira, katedralak eskaintzen dituen bisita gidatuen barnean. Gaur goizean inaugurazio ofiziala egin dute eta bertan izan dira erakundeetako ordezkariak, hala nola, Iñigo Urkullu lehendakaria, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Jon Lasa Santa Maria Katedrala Fundazioaren zuzendariarekin batera.
Santa Maria Katedralak beste mugarri bat jo du museo bihurtutako kriptak jendeari irekitzean. Tenpluaren lur azpiko partea museo bihurtu dute eta bertatik jarraituko dute 90. hamarkadatik egindako ikerketen zabalkundea, izan ere, zonalde berri hau bisita gidatuen programan sartu da dagoeneko.
Museografiak protagonismo osoa ematen dio monumentuari eta bisita gidatuari laguntzen dio. Kriptatik elizpera arte, 23 interesgune daude, non bisitariek euskarri desberdinak aurkituko dituzten: gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez idatzitako eta monumentuan oso ondo integratutako, mahai, erretilu, panel eta kutxetan. Horrez gain, gidako azalpenak osatzen eta gai arkeologiko eta arkitektoniko konplexuak erraztasunez ulertzen laguntzen duten baliabide grafikoei garrantzia handia eman zaie.
Horrez gain, jendearentzat espazio berriak irekiko dira, iraganean hondeaketa-lanetan berreskuratu zirenak eta orain berriro ikus daitezkeenak, esaterako, jatorrizko zimenduak edota lur azpian ezkutatuta gelditu zen harresi zatia.