Zer da Lanekirentzat Bai Euskarari saria jasotzea?
Poz handia ematen digu saria jasotzeak eta aitortza ere egiten die Lanekiren atzetik dauden guztiei: Ikaslan eta Hetel elkarteei, eta irakasle guztiei.
Zein izan da Lanekik euskarari eta Lanbide Heziketari egin dion ekarpena?
Lanbide Heziketaren euskalduntzea izan da ekarpena. Lanbide Heziketa euskalduntzeak gizartea eta mundu profesionala euskalduntzea dakar atzetik. Gure ekarpena ez da gelditu dokumentazioan bakarrik, materialaren sorreran, euskalduntze prozesu batean murgiltzen ere lagundu dugu.
Lan handia egiten ari zarete Lanbide Heziketan euskararen presentzia handitzeko eta sendotzeko. Nola baloratzen dute hori ikasleek?
Azken urteetan oso balorazio ona eduki du. Urteen poderioz zikloak euskalduntzen joan dira eta euskarazko matrikulazioek gora egin dute. Euskara ikastea eskatzen duten ikasleak geroz eta gehiago dira eta eskaera horri erantzuna ematen diogu.
Garrantzitsua da enpresentzat langile euskaldunak kontratatzea?
Enpresetan bide luze bat dago jorratzeko. Enpresa batzuek euskaldunak bakarrik diren ikasleak onartzen dituzte eta beste batzuek euskara jakitea eta erabiltzea puntuatzen dute.
“Gure ekarpena ez da gelditu dokumentazioan bakarrik, materialaren sorreran, euskalduntze prozesu batean murgiltzen ere lagundu dugu”
Kontratazioetara iritsi baino lehen, ordea, praktikak egiten dituzte ikasleek. Ikasketa prozesua euskaraz burutu ondoren, praktikak euskaraz egiteko aukera dute ikasleek?
EAEko Lurralde Historiko bakoitzean egoera ezberdina da. Gipuzkoan praktikak euskaraz egin nahi dituzten ikasle guztiek aukera dute eta hori bermatzen dugu. Beste lurraldeetan ez da hain erraza izaten. Ikasle euskaldunen kopurua ez da hain altua, ezta ikasle euskaldunak eskatzen dituzten enpresena ere. Gero eta gehiago dira, hala ere.
Etenaldi bi ematen dira. Lehenengoa da Lanbide Heziketara datozen askok gaztelaniara pasa beharra dutela derrigorrez. Beste ikasle batzuek gaztelaniara pasatzea erabakitzen dute, adibidez B eredutik datozenek. Baina D eredutik datozen guztiek ez dute bermatuta Lanbide Heziketa euskaraz egiteko aukera.
Bigarren etenaldia lan-munduan dago. Lanbide Heziketa euskaraz bukatutakoan, ez baitute bermatuta jardun profesionala euskaraz izango dutenik.
Zein ekarpen egin lezake Lanbide Heziketan euskara bultzatzeak lan-mundua euskalduntzeko bidean?
Lanbide Heziketako ikasleek, lan-mundura doazenean, ikastetxean izandako ohiturak eta bizipenak eramaten dituzte. Horrek esan nahi du Lanbide Heziketan euskaraz ikasiz gero, lantegira doazenean euskaraz egingo dutela lehenengo. Horregatik uste dugu pausu garrantzitsua dela. Baina lan-mundua euskalduntzen Lanbide Heziketak ezin du bakarrik jardun; enpresen laguntza ere ezinbestekoa da.
Lanbide ezberdinetako terminologia sortzen edo euskaratzen lan itzela egin duzue.
Terminologiarekin bakarrik ez; materiala sortzeak atzetik ohitura bat ekartzen du. Ikastetxeetan, terminologia lantzeaz gain, euskalduntzearen kultura sortzen egin dugu lan.
Baten bat nabarmentzekotan, zein lorpen nabarmenduko zenukete zuen proiektuaren barruan?
Arotzeriaren inguruko hiztegi digitala, adibidez. Arotz batzuen artean hiztegia sortu zuten eta iazko Durangoko azokan aurkeztu genuen. Lorpen garrantzitsua izan zen hori. Aurten Lanpres gida aurkeztu dugu: ikasleak lanbide prestakuntzara doazenean, bertan euskararen erabilera-maila bermatzeko gida da. Beste zeharkako lorpen bat da taldean lan egiteko ohitura sortzea. Irakasleen arteko lan-taldeak sortzen ari gara eta emaitza handiak ematen ari dira. Badago kohesio bat irakasle eta ikastetxeen artean, eta gure asmoa da enpresak ere talde horietan barneratzea.
“Ikastetxeetan, terminologia lantzeaz gain, euskalduntzearen kultura sortzen egin dugu lan”
Zein etorkizuneko erronka du Lanekik?
Lan handia dago egiteko. Lanekiren azken helburua desagertzea izango litzateke. Lanpres gidari lotuta eskaera asko izan ditugu enpresetatik, oso baliagarri ikusten dutelako egindako lan hori. Orain gure erronketako bat da lan-mundua Lanbide Heziketara eta euskarara hurbiltzea.
Eredugarri ikusten duzue zuen entitatea besteendako?
Euskararen alde egiten den edozein ekintza eredugarria da guztiontzat; euskararen aldeko erakunde guztiak eredugarriak gara.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.