Ivan Alvarez eta Brooke Brown, Gasteizko Triatloian garaile

Erredakzioa 2016ko uzt. 11a, 12:05

Arazorik gabe gauzatu zen atzoko lasterketa eta antolatzaileak pozik agertu dira Triatloiak izan zuen harrerarekin.

Ivan Alvarez madrildarra eta Brooke Brown kanadiarra Gasteizko Triatloiaren hamargarren edizioko irabazleak izan dira. Alvarerek 08:34:19ko denbora egin zuen lasterketan, eta Brownek 09:38:43koa. Alejandro Santamaria izan da bigarrena gizonezkoen Half kategorian, 08:54:18 denborarekin eta Jose Luis Cano kataluniarrak (08:58:02) osatu du podioa. Emakumeen kategorian, bigarrena Julia Mai alemaniarra (09:43:41) izan da, Gasteizen aurten estrainekoz izan dena. Podioa Yvette Grice britaniarrak (09:58:34) osatu du.

Miguel Angel Fidalgo eta  Celine Schaerer, Half distantziako irabazleak

Miguel Angel Fidalgo izan da Half distantziako probako irabazlea, 03:57:56 denbora ikusgarria lortuta.
Bere atzetik heldu da Pablo Dapena galiziarra, bigarren postua, 03:59:40ko denborarekin. Eta hirugarren postua Aimar Agirresarobe tolosarrak eskuratu du (04:06:39).

Emakumezkoen kategorian emozioak bukaera arte iraun du. Gasteizen bizi den Aintzane Argaiz donostiarrak irabaziko zuela zirudien, baina Celine Schaerer suitzarrak bidean gainditu eta 04:28:23ko denbora egin du. Azkenik, bigarren postua Aintzane Argaizentzat izan da (04:29:43) eta hirugarrena Sarah Lester australiarrarentzat (04:37:12).

Arabarren harrera ona

Atzoko lasterketa arazorik gabe gauzatu zen eta Triatloiaren antolatzaileak pozik agertu dira, probarekin baina batez ere arabarren harrerarekin. "Gasteizek eta Araba osoak beste behin lezio handi bat eman dute nazioarte mailako proba bat antolatzen eta animatzen-Gasteiz Triathloiaren hamargarren edizioan", adierazi dute antolakuntzaileek. "Goizeko lehen orduetatik hiriko kaleak jendez, berotasunez eta triatloiarekiko pasioz goraino bete dira".

Behin goizeko behe lainoa argituta eta horren ondorioz 45 minutuko atzerapenarekin eman zaio hasiera ofiziala Vitoria-Gasteizko Triatloiari Ulibarri-Ganboako urtegian.

Sailkapenak Gasteizko Triatloia 2016 webgunean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide