Arabako Foru Aldundiak aurten elementu sinboliko iraunkor bat jarriko du Probintzia plazan, terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak oroitzeko. Ekintza honen bidez, Euskal Herrian bakea eta elkarbizitza finkatzen lagundu nahi du Foru Aldundiak. "Biktimak eta beren familiak oroitu eta haiek aitortzea funtsezko ardatza da bakean egongo den gizartea eraiki eta elkarbizitza normalizatua izan nahi bada".
Era berean, Probintzia plazako foru eraikinen fatxadan jarrita egon diren 'ETA ez' jartzen duen kartela kenduko duela iragarri du Foru Gobernuak. Halaber, Arabako Foru Aldundia Eusko Jaurlaritzarekin eta gainerako euskal erakundeekin lankidetzan ari dela adierazi du, hiru mailetako erakundeen artean jarduketak egin daitezkeen ala ez aztertzeko beharrezkoak diren oinarri komunak garatzeko.
"Biktima guztiak"
EH Bilduk memoriaren gune berrian terrorismo eta indarkeriaren biktima guztiak egotea eskatu dio Foru Gobernuari. EH Bilduk gogoratu du memoria barneratzailearen alde lan egin behar dela, "ezer eta inor baztertu gabe, biktimak sailkatu eta marjinatu gabe eta giza eskubideen urraketa guztiak ahaztu gabe".
Izan ere, Foru Gobernuak emandako pausua begi onez ikusi du EH Bilduk eta zentzu horretan, Aldundiak hasitako bideari jarraituz Gasteizko Udaletxean dauden kartelak ere kentzera deitu du Urtaranen Gobernua.