Pelikula frantsesak beti ikusten ditut kuriositate handiz. Normalean, mimoz egindako lanak izaten dira: arte kutsua nabaria da horietan, aktore indartsuak ikusteko aukera eskaintzen dute eta istorioek gutxitan saihesten dute ikuslearengan arrastoren bat uztea. Beharbada, helburu horretan asko laguntzen die hautatutako kontatzeko moduak. En mai, fais ce qu'il te plaît (2015) filma autobiografikoa dela aitortzen ez bada ere, zuzendariak hasieratik uzten ditu garbi istorioaren abiapuntua eta nori eskainitako lana den: "1930eko hamarraldian Alemania eta Frantziaren arteko gerrak frantziar ugari bultzatu zituen haien bizilekua uztera. Tartean, zuzendariaren (Christian Carion (1963), Cambrai, Frantzia) ama".
Hasierako azalpen horrek, neurri handi batean, kontakizuna ulertzeko aginduak ematen dizkio ikusleari. Pertsonalki ez zaizkit batere gustatzen horrela hasten diren filmak, izan ere, kutsatu besterik ez du egiten pantailaren aurrealdean dagoenaren begirada. Nirea barne. Faktore horren eraginez ala ez, nahiko indargabeko pelikula iruditu zait. Alemaniako aita (August Diehl (1976), Berlin) komunista bat eta haren semea Frantziako herri txiki batera ihesi joan ondotik, poliziak preso hartzen du aita espia bat delakoan. Semea, aldiz, herriko irakaslearen zaintzapean geratuko da; baina, gerrak aurrera egin eta gainerako herritarrekin batera bizilekua utzi beharko du semeak ere. Bien helburua izango da berriro elkar aurkitzea.
Ados. Istorioa gogorra da. Bereziki, aita eta semea banatzen dituzten unea. Aldi berean jazotzen diren bestelako gertakizunek (tiroketak, bonbardaketak, bortxaketak, etab.), gainera, are lazgarriago egiten dute kontakizuna. Pertsonaien samina islatzerako orduan, adibidez, asko gustatu zait gizonezko baten figura aukeratu izanak. Benetan eskertzekoa da, gerra testuinguruei buruz aritzeko, medioek etengabe erabiltzen duten emakumezkoaren figura gizonezko batez ordezkatu izana. Ordea, istorio indartsua izanik, errepikakorra suertatu zait une askotan. Nire gusturako, erritmo geldoegia proposatzen baitu. Aktoreen lana eta argazki zuzendaritza azpimarratuzko nituzke. Ziurrenik, filma sostengatzen duten zutabe nagusiak.