Gaurkoa bezalako egunetan atzera begiratzeko joera izaten dugu eta egindako bidetik, lorpenak azpimarratu, abiatutako proiektu arrakastatsuak nabarmendu, eta aurrera begirako erronkak zehaztu ohi ditugu.
Zalantzarik eta konplexu izpirik gabe, harro egoteko moduko ibilbidea da Bai Euskararirena, eta pozik egoteko modukoa da Bai Euskarari komunitatea osatzen duten Euskal Herri osoko milaka entitatek urte hauetan eragin dutena. Ez dezagun ahantzi horixe dela gure helburua, alor sozioekonomikoaren euskalduntzean eragitea, lan mundutik hasi eta gizartearen gainerako espazioen euskalduntzean eragitea. Ez da ez lan makala. Urte hauetako lan eredugarri eta haien borondatezko konpromisorik gabe, nekez egongo ginateke oraingo egoeran. Eragin dugu. Eragiten ari gara eta eragiten segituko dugu.
Alor sozioekonomikoaren espazioetan euskalduntzearen eragiteari begirako proiektuak lantzen eta sortzen ari gara
Alor sozioekonomikoaren espazioetan euskalduntzearen eragiteari begirako proiektuak lantzen eta sortzen ari gara, gure azken hausnarketa estrategikoan zehaztu zen bezala. Bai Euskarari Ziurtagiria, Enpresarean - Enpresa eta profesionalen sarea, eta Lansarean lan-atarirekin batera, gaurkoan nabarmendu nahi dut azken adibidea, “Lanabes - Araban Euskara Lanean” proiektua, ekainaren erdialdean aurkeztu zena eta 2015etik elkarlanean garatzen ari garena Arabako beste hainbat aktorerekin batera (Arabako Foru Aldundia, SEA - Arabako Enpresariak, Arabako Merkataritza eta Industria ganbara, Merkataritza Federazioa, Oreka IT, Electra Vitoria eta Laneki). Praktika honek erakusten du denon inplikazioa behar dela lan mundua euskalduntzeko ezinbestekoak diren neurriak erabaki eta eraginkortasunez aplikatzeko. Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzeko eta handitzeko helburu partekatuarekin ari gara denok lanean. Elkarri aitortuz bakoitzak duen garrantzia, elkar babesten, elkar argituz.
Pasa den astean, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren barruan, “Hitzargiak – Elkar argitzen duten hizkuntzak” izeneko egitasmoaren topaketak burutu ziren eta bertan, Lanabesekin batera, Ziurtagiriaren Elkartearen beste bi proiektu aurkeztu ziren, Europako adituen aurrean, jardunbide eredugarri gisa: Bai Euskarari Ziurtagiria eta Enpresarean. Jardunbide horiek berritzaileak, egokiak, arrakastatsuak edota eredugarriak dira, bai gure komunitatearentzat, baita beste hizkuntza- edota hiztun- komunitate hainbatentzat ere. Jardunbide egokiak ezagutzeak eta baliatzeak ondorio biderkatzaileak izan ditzake: esperientziak partekatzeak, besteengandik ikasteak, elkar elikatzeak eta laguntzeak ekimenen arrakasta indartu dezake, eta, eraginkortasuna sendotu. Elkarrekiko aitortza, egindakoa balioestea, urte hauetako lorpenak babestea eta ekarpena etorkizunerako baliatzea. Urte hauetan zerbait ikasiko genuen, ezta?
Esperientziak partekatzeak, besteengandik ikasteak, elkar elikatzeak eta laguntzeak ekimenen arrakasta indartu dezake
Ibilbide arrakastatsu eta eredugarria dute, zalantzarik gabe, aurten Bai Euskarari Sariak jasoko dituztenek. Euskaraz lan egin eta euskaraz bizi daitekeela erakusten digute aurtengo saridunek. Gure etorkizuna euskaraz pentsatu eta eraiki behar da... Euskaraz bizitzea, euskaraz lan egitea, ekitea, sortzea, berritzea, saltzea eta erostea, egunerokotasunean euskaraz normaltasun osoz aritzea posible bada, gure ongizatea handiagoa izango baita. Horra hor gure erronka. Lan handia dugu egiteko, baina ereduak ditugu. Gure komunitatearen ongizatean eragingo dugu esperientziak elkartrukatuz eta elkarrekin lan eginez. Azken batean, elkar argituz.
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.