Lanekik, Sorginen Museo eta Lezeak eta Mikel Lezamizek jaso dituzte aurtengo Bai Euskarari Sariak

Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak urteroko Bai Euskarari Sarien banaketa ekitaldia egin du gaur, ostirala, Donostiako 2016 Gunean, ziurtagiridunak eta elkarte eta erakunde ezberdinetako ordezkariak bertan zirela.

Urtero bezala, hiru sari eman dira: Bai Euskarari Laguna saria Mikel Lezamiz Mondragoneko Hedapen Kooperatiboko arduradun eta euskara koordinatzaile izandakoak jaso du; Sorginen Museoa eta Lezea, eta Laneki izan dira aurtengo ziurtagiridun sarituak. 2016an euskararen arloan eta gure hizkuntza sustatzeko helburuarekin egindako lana aitortu nahi izan die Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak.

2016ko saridunak

  • LANEKI: Gaur egun hain garrantzitsua den Lanbide Heziketan euskararen presentzia handitzeko eta sendotzeko etengabeko lanean dihardu Laneki elkarteak. 2015 urtetik du Bai Euskarari Ziurtagiriaren maila gorena, Zerbitzua eta lana euskaraz maila, hain zuzen ere. Jakinbai.eus Lanbide Heziketarako euskarazko materiala jasotzen duen Interneteko ataria sortu zuen eta etengabe elikatzen ari da.

  • SORGINEN MUSEOA ETA LEZEA: 2013an eskuratu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria Sorginen Museo eta Lezeak. Oso argi dute euskarak duen garrantzia; bezeroari eskainitako zerbitzuetan, beraien euskarrietan eta aurkezpenetan, esate baterako, euskara lehenesten dute beste hainbat hizkuntzen artean. Era berean, mugaz gaindiko Xareta eskualdeko dinamizatzaile ekonomikoak bihurtu dira bertan turismoa sustatuz.

  • MIKEL LEZAMIZ: Mondragon Korporazioko Hedapen Kooperatiboko arduraduna izan da azken urteotan Mikel Lezamiz eta orain dela gutxi hartu du erretiroa. Kooperatibagintzan ez ezik, lan handia egin du Mondragon Taldearen barruan euskararen alde, taldeko euskara koordinatzaile izan delarik. Lan-munduan euskararen alde egindako lana aitortzeko, Bai Euskarari Laguna saria jaso du aurten.

Ekitaldiko argazki guztiak dituzue bilduma honetan.

Saridunak, urtez urte

  • 2009: JEZ (Laudio), IMH Institutua (Elgoibar) eta Kirmen Uribe.

  • 2011: Refractarios Kelsen (Aduna), Hirukide ikastetxea (Tolosa) eta Xabier Mendiguren Bereziartu.

  • 2012: Skunk Funk, Arlan (Erandio) eta Jose Anjel Iribar (Athletic).

  • 2013: VUSA eraikuntzak (Galdakao), Leitzako, Aresoko, Goizuetako eta Aranoko ziurtagiridunak, Anaje Narbaiza (Elay).

  • 2014: Banaiz Bagara, Mendia Optika (Gasteiz) eta Kike Amonarriz.

  • 2015: Euskal Herria Esnea, Nekatur eta Gaizka Garitano.

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago