Kirola, euskaraz ere bai

Armentia Ikastolako Guraso Batzordea 2016ko uzt. 1a, 14:48
Irudia: armentiaikastola.eus

 Ekimen hau sinatzen dugunok (ikastetxe, elkarte eta hainbat kirol-jardueratako ikasleen gurasook) jarduera horietan euskara eta gaztelania erabiltzeko dauden irizpideez kezkatuta, proposamen bat egin nahi diogu zure klubari, horren gainean gogoeta egiteko eta bakoitzak bere aldetik egin dezakeen lana bultzatzeko.

Ez da kasualitatea klubetako haur eta gazte gehienak euskarazko ereduak dituzten ikastetxeetako ikasleak izatea; alegia, euskara komunikazio-hizkuntza nagusia duten ikastetxeetakoak, ez bakarrik ikasgela barruan, eskolaz kanpoko jardueretan ere bai. Nagusiki erdaldunak diren eskualdeetan ere —Gasteizen bezala— herritarren nahia horixe baita: seme-alabak euskaraz heztea, nahiz eta aukera horrek mota askotako ondorioak izan —pertsonalak eta kolektiboak—, batzuetan deserosoak, baina positiboak eta gogo-betegarriak azken batean. Izan ere, seme-alabei euskarazko heziketa emateak bermatzen du etorkizunean ikusmolde zabalagoaz gozatu ahal izatea, lehen eskutik esperimentatzea zer den bizikidetza linguistikoa, beste kulturak errespetatzen eta maitatzen ikastea, eta tolerantzia izatea bizitzako jokamoldearen ardatza.

Gure ustez, ikuspegi hori bete-betean uztartzen da kirolak transmititu behar dituen balioekin: ahaleginaren balioa, talde-lanarena, gozamena, autoestimua…

Gauza jakina da, ordea, eskolaren lana ez dela nahikoa, eta ikasgelako atea igaro orduko umeak gaztelaniaz aritzen direla ia salbuespenik gabe; gaztelaniaz jolasten dute eta gaztelaniaz sozializatzen dira. Baina hori ez da gertatzen haiek beren borondatez hala erabaki dutelako, baizik eta “helduen gizarteak” eredu hori ezartzen dielako.

Hala eta guztiz ere, apurka-apurka gauzak aldatuz doaz, eta gero eta argiago dakigu eskolaz barruko jarduerak bezain inportanteak —edo inportanteagoak— direla eskolaz kanpokoak. Espazio horietan ere asko ikasten baitute bizitzaz, eta pertsonak bezala hazi eta hezi egiten dira. Horregatik ematen zaio gero eta garrantzi handiagoa umeak eta gazteak kirolean euskaraz jarduteari.

Gure iritzi apalean, fedarazioak eta klubek ezin diote bizkarra eman errealitate horri. Ditugun baliabideen arabera, egoera aztertu eta modurik egokiena bilatu beharko genuke erantzuna emateko. Azken batean, Gasteizko gizarteari ahalik eta zerbitzurik onena ematea helburu, guztion onerako zer izan daitekeen onena, horixe da gakoa.

Horiek horrela, sare sozialetan eta interneten euskaraz behar duen tokia ahaztu gabe (web-orriak, jakinarazpenak, oharrak eta inprimakiak…) —horiek ere garrantzitsuak baitira—, euskarazko kirol-taldeak sortzea proposatu nahi dizuegu. Gure iritziz, prestakuntza akademikoaren aldetik eta familia-ingurunearen aldetik gero eta euskaldunagoak diren ikasleek jarraipen bat behar dute eskolaz kanpoko espazioetan: aisialdian, auzoan eta, jakina, kirolean. Kirol-klubek aurrera egin beharko lukete bide horretan, eta segurtatu beharko lukete monitore eta entrenatzaile berriak euskarazko gaitasun eta prestakuntza minimo bat dutela, klaseak euskaraz ere eman ahal izateko. Ez gara hiztun perfektuez ari. Kirola euskaraz emateko behar den erregistroa eta maila oinarri-oinarrizkoak dira, ez da aparteko titulurik behar. Inportanteagoa da borondate ona eta jokamolde positiboa izatea, curriculum distiratsu bat izatea baino.

Ez gara ilargia eskatzen ari. Gizartearekin batera eskuz-esku joateko proposatzen ari gara. Eta ez gaude bakarrik: Administrazioa gero eta kontzientziatuago dago, eta horren froga dira gero eta maizago egiten dituen sentsibilizazio eta dirulaguntza kanpainak. Aulkiaren hirugarren hanka geu gara: aita-amak eta zenbait gizarte-eragile. Gu beti izango gaituzue edozertan laguntzeko prest. Martxan jartzea baino ez da falta. Animo eta aurrera!

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide