Gasteizko Udalak omenaldia egin zion atzo Enrike Gomez Alvarez Korta-ri, Batallón Vasco Español-ek hil zuena 1979an.
Udala urte osoan terrorismoaren edo indarkeria politikoaren biktima guztiak oroitzeko egiten ari den omenaldietako bat izan da. Gasteizko alkate Gorka Urtaranekin batera, udal gobernuko kideak (PNV-PSE) eta EH Bildu Gasteiz, Podemos eta Irabazi taldeetako ordezkariak izan ziren, PP taldea izan ezik. Horrez gain, Eusko Jaurlaritzako Biktima eta Giza Eskubideen zuzendaritzakoak ere izan ziren, Enrike Gomez Alvarezen senide eta adiskideekin batera. Udaletxean egindako harreran oroitzapen-xafla bat eman zaie Enrike Gomezen gurasoei, eta ondoren lore-eskaintza egin da Salbatzailearen hilerriko hilobian.
Enrike Gomez Korta Leonen jaio zen, baina haurtzaroa eta gaztaroa Gasteizen igaro zituen, hil zuten arte. Alkateak "barkamena" eskatu die Kortaren senideei "orain arte erakundeen ezagutza eta maitasuna jaso ez baduzue".