Ordubeteko lan-etenaldiak deitu dituzte Mercedesen aste honetan

Erredakzioa 2016ko uztailaren 4a

ELA, LAB eta ESK sindikatuek egin dute deialdia, baina CCOOek ez du neurria babestu. Hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzea da helburua.

ELA, LAB eta ESK sindikatuek ordu beteko lan-etenaldiak egitera deitu dituzte Gasteizko Mercedes Benz lantegiko langileak, gaurtik hasita ostiralera bitartean. Lan-etenaldiak txanda bakoitzaren azken orduak egingo dituzte. CCOO sindikatuak, aldiz, ez ditu lanuzte hauek babestuko, nahiz eta mahai negoziatzailean deialdia deitu duten sindikatuen alde egon, hain zuzen ere, gehiengoa osatzen dutenak.

Deialdiaren helburua hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzea da. Era berean, enpresako zuzendaritza eta enpresa-batzordearen gutxiengoa (UGT, Ekintza eta PIM) eraginkortasun mugatuko hitzarmena ez sinatzera bultzatu nahi dute.

ELA, LAB eta ESK sindikatuen esanetan, egungo egoera “eutsiezina” da eta “Arabako enpresaren langileen hitzarmenaren negoziazioak ezin du blokeatuta jarraitu”.

Enpresa-batzordearen 27 ordezkarietatik 14 dira ELA, CCOO, LAB eta ESK sindikatuetakoak. UGTk, aldiz, 9 ordezkari ditu eta lantegiko lehen indar sindikala da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago