Mozal legearen aurka mobilizatzera deitu dute gaurko

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko uzt. 1a, 10:18

Araban Mozal legeari lotutako 1.613 isun jarri ditu Ertzaintzak martxoaren 31ra bitartean.

Gaur, uztailak 1, urtebete egingo du Herritarren Segurtasunerako Legea (Mozal Legea izenez ezaguna) eta Zigor Kodearen erreforma indarrean sartu zirenetik. Urteurrena baliatuta, mobilizazioak deitu dituzte Gasteizen, Bilbon, Donostian eta Iruñean, No a las Leyes Mordaza. Lege injustuak desobeditu lemapean.

Beldurra galtzeko eta desobeditzeko deia

Eleak Mugimenduak agerraldia egin du gaur goizean ekimenaren berri emateko. Neurri hauek "beldurra, zigorra, errepresioa gailentzea eta kaleak hustutzea" helburu dutela salatu du Eleak Mugimenduak. Hori dela eta, mobilizatzeko deitu dituzte herritarrak, "neurri bidegabe hauen aurrean beldurra galtzeko eta desobeditzeko. Kalea herritarron lekua da, bizilagunen arteko antolakuntza eta elkarlaguntzarako joerak biderkatzeko unea da".

Elkarretaratze "ezohikoa eta interaktiboa" egingo dute, Andre Maria Zuriaren plazan, 19:00etatik aurrera. Deialdi honetan, Eleak Mugimenduarekin batera, Gasteizko herri-mugimenduaren talde ezberdinek parte hartuko dute, hala nola, feministek, migratzaileen aldekoek, gazteen eta jubilatuen taldeek eta sindikatuek.

Araban, 1.613 isun

Araba Herritarren Segurtasun Legearen isun kopuruari dagokionez "txapelduna" dela salatu du Eleak Mugimenduak. Eman dituen datuen arabera, Araban lege honi lotutako 1.613 isun jarri ditu Ertzaintzak martxoaren 31ra bitartean. Hauetatik, 685 adierazpen -eta protesta-eskubideei eragiteagatik "polemikoenak diren artikuluekin zigortu dituzte". Egoera honen aurrean, hauteskundeak amaitu eta gero, "zuzenbidearen aurkako lege hauek indargatzea" eskatu diote Espainiako Gobernuari. Euskal erakundeei, aldiz, ez ditzatela aplikatu. Izan ere, aurreko astean konpromiso hori adostu zuen Eusko Legebiltzarrak, PPk kontra egin ondoren.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago