Guztira 68 haur saharar iritsiko dira datozen ostiral eta larunbatean, Tindufeko erbesteratuen kanpamenduetatik, uztaila eta abuztua arabar familiekin igarotzera batzuk, eta Kuartangoko bakelekura beste batzuk..
Ume Sahararrak Hartzeko Familien Elkarteak (AFANIS) eta Fronte Polisarioak antolatzen dute Arabako familiekin egonen diren haurren etorrera, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Gasteizko Udalaren laguntzarekin. Aljeriatik datorren taldea bi hegalditan iritsiko da Loiuko aireportura, uztailaren 1ean eta uztailaren 2an. Ondoren, aireportuan harrera egin ondoren, adingabeak Gasteizera eramango dituzte autobusez, eta Lakuako gizarte etxean jasoko dituzte beren harrerako familiek. Oraingo honetan, 26 neska eta 22 mutil etorriko dira. Gasteizko 28 familiak hartuko dituzte, eta Arabako hainbat udalerritako beste 20 familiak.
Kuartangon beste 20 ume
Bestetik, uztailaren 1ean Kuartangora iritsiko dira hogei neska-mutil Tindoufeko kanpamentuetatik. “Arabako Bakelekua” Elkartearen bitartez, eta “Oporrak Bakean” estatu mailako programaz baliatuta, aurten berriro iritsiko dira Kuartangora oporrak lasai igarotzeko. Araban gero eta harrera-familia gutxiago daudenez, Elkarteak udalekua antolatzea erabaki zuen. Neska-mutilak udalaren etxe batean biziko dira, Albaitariaren Etxean, programatutako hiru mediku-azterketa egingo zaizkie eta elikadura orekatu eta osasuntsua izango dute udako bi hilabeteetan. Horrez gain, “Arabako Bakelekua” Elkarteak zenbait jarduera eta txango antolatu ditu Arabako haurrekin egin ditzaten.
Talde solidarioko zenbait kide eta udalerriko hainbat herritar Loiuko aireportura joango dira haurrei harrera egitera eta Kuartangora eramango dituzte. Bestalde, “Arabako Bakelekua” Elkarteak larunbatean, uztailaren 2an, janari-bilketa egingo du Boulevard Merkataritza-gunean, umeen mantenua osatzeko behar dituzten elikagaiak biltzearren; izan ere, elkarteak berak du 20 adingabeen zaintza eta mantenuaren ardura. Bilketan, gainera, “Arabako Bakelekua” Proiektuari buruzko informazioa eskainiko die horren inguruan galdetzen dutenei.