Gaur, ekainaren 28a, LGTBI kolektiboaren eta sexu askatasunaren aldeko nazioarteko eguna ospatzen da mundu osoan zehar. Gasteizen dagoeneko larunbatean hasi ziren harrotasun egun hau ospatzen, transbollomari festarekin.
Gaurko LGTBI kolektiboaren eskubideak eta sexu askatasuna aldarrikatzeko mobilizazioa deitu du Transbollomari plataformak, 20:00etan Andre Maria Zuriaren plazatik abiatuko dena. Era berean, zenbait jarduera antolatu ditu plataformak datozen eguneratarako. Asteazkenean, hilak 29, 'Sexarnesate' lantegia egingo du Sukubon, 19:00etan eta ostegunean, hilak 30, txapa tailerra Haurtzaroko plazan.
Gasteizko Udalaren erakunde-adierazpena
Gasteizko Udalak egun honekin bat egin du eta zenbait konpromiso biltzen dituen erakunde-adierazpena egin du. "LGTBfobiak oso presente jarraitzen du gure gizartean. Dibertsitatea ez errespetatzen ez onartzen ez duen gizarte heteropatriarkal baten diskriminazioa jasaten du LGTBI+ kolektiboak. Horregatik, administrazio publikoetatik lan egin beharra daukagu askotariko gizarte bat eraikitzeko", azaldu du ohar baten bidez.
Era berean, kolektibo honen "ikusgaitasun sozial eta publikoaren alde" lan egitea ezinbestekoa dela uste du udalak eta horretarako, honako konpromiso hauek hartu ditu: Laguntza ematea LGTBI+ harrotasunaren ospakizunari, ikusgaitasuna eta sentsibilizazioa helburu, indarkeria-mota ororen aurrean erabateko gaitzespena agertzea, Gasteizko Udalaren jardunean dibertsitate sexualari eta genero-identitateari buruzko gaiak sustatzea, adingabeak babesteko politikak bultzatzen jarraitzea, eta sexualitatea adierazteko askatasuna bermatzeko neurriak definitzea eta azkenik, oraindik ere dauden oztopoak desagerraraztea, benetako berdintasuna eta askatasun afektibo-sexualerako eskubidea lortzeko.