alea.eus

Podemos garaile Araban, eta abenduko diputatu berdinak Kongresura

Itsaso Estarrona 2016-06-26 22:00   Politika  Araba

Elkarrekin-Ahal Duguk, PPk, EAJk eta PSEk diputatu bana lortu dute Espainiako Kongresuan

Moreek ez dute iragarritako gorakada lortu, baina Araba izan da estatuan babes gehien lortu duten lurraldea.

BILAKAERA,  BOTOETAN:

Elkarrekin-Ahal Dugu:  -3.625

PP: +479.

EAJ: -1.682. 

PSE:  +1022.

EH Bildu: -5.384.

Ciudadanosek:  -2.177.

 

BILAKAERA, EHUNEKOETAN:

Elkarrekin-Ahal Dugu: berdin (%31,07 koalizioak ekainean, eta 31,05% Podemosek eta IUk abenduan). 

PP: +%1,63 (%20,57 ekainean, %18,9 abenduan). 

EAJ: berdin, +0,12 (%15,06 ekainean, %15,94 abenduan).  

PSE:  +%1,63 (%15,8 ekainean, %14,2 abenduan). 

EH Bildu: -%2,39  (%9,5 ekainean, %11,9 abenduan)

Ciudadanos: ia puntu bat behera (%5,02 ekainean eta 5,9 abenduan). 

Abenduan aukeratutako ordezkariak hautatu dituzte oraingoan ere arabarrek, Espainiako hauteskunde orokorretan: diputatu bana lortu dute Elkarrekin-Ahal Dugu koalizioak (Podemos eta IU), PPk, EAJk eta PSEk. 

Popularrek eta sozialistek gora egin dute botoen ehunekoan, moreak eta jeltzaleak mantendu egin dira eta, aldiz, behera egin du EH Bildu ezkerreko koalizioak.

Inkesten arabera, Ahal Duguk bi diputatu lortuko zituen Araban, eta hori zirudien emaitza botoen %80 zenbatuta, baina azken zenbaketak abenduko egoera berera itzuli du lurraldea. 

Ahal dugu (Podemos), berdintsu

Ahal Duguk (Podemos) eta Ezker Anitzak osatutako koalizioak abenduko emaitzen ia berdinak lortu ditu ehunekotan, ez ordea iragarritako gorakada. Zehazki, Pablo Iglesias eta Alberto Garzonen aliantzak botoen %31,07 lortu du, abenduan bezalaxe, orduan, bien botoak batuta, %31,05era iritsi baitziren (%27,2 Podemos eta %3,8 IU).

Botoetan behera egin dute elkarrekin, 55.227tik 51.602ra pasaz (-3.625), baina estatu mailan babesik handiena boto-portzentajean Araban lortu dute, eta lurraldeko udalerri nagusietan irabazi dute: Gasteizen, Laudion, Amurrion, Agurainen eta Oionen. 

Nolanahi ere, hori ere ez da nahikoa izan lurraldean bigarren diputatua lortzeko (Fernando Iglesias zihoan zerrendan bigarren postuan, Juantxo Lopez de Uralderen atzetik). 

PPk, koska bat gora

Alderdi Popularrari ez diote kalterik egin azken asteotako ustelkeria kasuek, eta boto-txartelen 20,57% lortu du (aurrekoan baino %1,63 gehiago, seguraski neurri batean Ciudadanosen kalterako, indar laranjak puntu bat egin baitu behera). Guztira, 34.162 boto, abenduan baino 479 gehiago. Duela lau urteko bozketekin alderatuta, zazpi puntu egin du behera PPk, eta ia 12.000 boto-emaile galdu ditu. Alfonso Alonso jarduneko Osasun Ministroak jarraituko du Arabako popularrak Madrilen ordezkatzen. 

Jelzaleak, ia berdin

Jeltzaleei dagokionezehunekotan abenduko emaitza bera izan dute (%16 orain, eta %15,9 abenduan), baina 1.6782 boto gutxiago erakarri dituzte. Mikel Legardak eserlekuari eutsi dion arren, kontuan izan behar da 2011rekin alderatuta 5.200 boto galdu dituztela jeltzaleek, eta portzentajean, babesen ia %3.

PSE gora, baina oraindik ahul

Sozialistek eman dute sorpresarik handiena: inkesten arabera euren diputatua galdu zezaketen Araban eta, mantentzeaz gain, aurrekoetan baino 1.025 boto gehiago lortu dituzte (txartelen %14,15etik %15,77ra pasaz). Javier Lasartek Arabako sozialistak ordezkatuko baditu ere, 2011ko hauteskundeekin alderatuz gero babes gehien galdu duen alderdia da PSE, Bildu koalizioarekin batera (Podemosen mesedetan): sozialistek 13.300 boto utzi dituzte bidean.

EH Bilduk, kolpea

EH Bilduk emaitza txarra izan du berriz ere, oraingoan ezkertiarrek kanpaina indartsua egin eta zerrendaburua ere aldatu duten arren (Mikel Otero suhiltzailea eta frackingaren aurkako ekintzaile ezaguna aukeratuz). Inkestek indarra berreskuratuko zutela iragartzen bazuten ere, behera egin du koalizioak Araban, eta 5.384 boto galdu ditu: 21.225tik 15.841era. Ehunekotan, %11,9tik %9,5ra igaro da. Boto gehien galdu duen aukera politikoa izan da, are gehiago kontuan izanda 2011n hirugarren indarra izan zela Amaiur markarekin (EAJren aurretik Araban), 32.439 boto lortuta, oraingoen bikoitza baino gehiago (16.598 boto gehiago lortu zituen duela lau urte). 

Ciudadanosek, boto gutxiago

Ehunekoetan puntu bakarra galdu duen arren (%5,9tik %5era), botoetan nabarmenagoa izan da bere jaitsiera, 2.177 txartel gutxiago bereganatu baititu (10.512tik 8.335ra).

Parte-hartzea, %3 baxuagoa

Parte-hartzeari dagokionez, azkenean %67,9an geratu da, abenduko %71arekin alderatuta. Hiru puntutan jaitsi da, beraz, baina ez arratsaldeko 18:00etako datuek zeritzotenaren horrenbeste (%9an kokatzen zen jaitsiera). Euskadi mailan, lau puntukoa izan da beherakada. Ia 80.000 arabarrek ez du botorik eman (hiru biztanletik batek, %32ak).

Eta euskal hauteskundeetan...?

Urrian izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta ikusteko dago zer eragin izango duten oraingo emaitzek udazkeneko bozketetan. EiTBren azken azterketen arabera, hiritar askok aukera ezberdina egingo dute hemendik lau hilabetera, eta Araban EAJ izango litzateke indarrik bozkatuena. Bigarren postuan berdinduak Ahal Dugu eta EH Bildu egongo lirateke lurraldean, moreak apur bat aurretik. PP eta PSE laugarren eta bosgarren tokiarekin konformatu beharko lirateke, eta Ciudadanos, bere aldetik, ordezkari bat lortuko luke Eusko Legebiltzarrean (Euskadiko bakarra). 

Ezezaguna da, hala ere, Podemosek izango duen emaitza: izan ere, Araban estatuko emaitzarik onenak lortu ditu azken bi bozketetan Pablo Iglesiasen alderdiak, eta lurraldeko udalerririk handienetan irabazi du. Gasteizko auzo gehienetan ere garaile izan zen duela sei hilabete (25 auzoetatik 17tan izan zen indarrik bozkatuena). 

 

DIPUTATUAK: 

 

Juantxo Lopez de Uralde. Elkarrekin-ahal dugu.

 

Alfonso alonso. PP. 

Mikel Legarda. EAJ.

 

Javier Lasarte. PSE

 

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Izan zaitez ALEAkide.



Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa