"Suaz gain, beste ohitura asko daude San Juan gauari lotuak"

M. Ugarte / N. Cuesta 2016ko eka. 22a, 07:00

Koldo Alijostes euskal mitologian adituak San Juan gauaren ohituren berri eman du AleaFM irratsaioan.

Gasteizko Judimendi auzoan ospatzen du San Juan gaua Koldo Alijostes mitologian adituak, baina bere herrikoak ditu bereziki gogoan, Amezketakoak: umeak hamabost egun lehenago hasten ziren herriko plazara adarrak eramaten, eta inguruko baserri guztiek pizten zuten sua urteko gaurik laburrenean. "Magikoa zen". Euskal mitologiari buruzko Amaroa webgunearen sortzaileak ospakizunari buruzko xehetasunak eman ditu alearen irratsaioan, Radio Vitorian. 

San Juan gaua oso maitatua  da Euskal Herrian. Nondik datorkigu ohitura?

Erlijio katolikoaren San Juan Bautistarekin lotu ohi dugu gau hori, baina  historiaurretik datorren ospakizuna da, udako solstizioarekin harremana duena. Solstizioa urteko egunik luzeena eta gaurik motzena da eta, hain zuzen, eguzkia omentzeko sortu zen ospakizuna. Zeltiarrek ekarri omen zuten: suaren bidez eguzkiari indarra eman nahi zioten, uztak-eta babesteko. Izan ere, solstiziotik aurrera eguna gero eta motzagoa da, eta gainbehera dator. Euskal Herrian oso  garrantzitsua izan da Eguzki amandrea, eta oso sustraitua dagoen ospakizuna da San Juan gauarena. Hemen bakarrik ez: Europa osoan zabalduta dagoen ohitura da, tartean Espainian, Portugalen eta iparraldeko herrietan ere. 

Beti ospatu izan da ekainaren 23an?

Erlijio katolikoak hainbat ospakizun pagano bereganatu egin zituen, baita Jesusen jaiotza bera ere: neguko solstizioan ospatzen da, Jesus udaberrian jaio omen zen arren. San Juan gauaren kasuan berdin gertatu zen: solstizioaren ospakizuna bereganatu zuen erlijio katolikoak. Garai batean, 21ean ospatzen zen, orduan delako solstizioa, baina elizak 24ra pasa zuen.  Sua beti lotu izan da dohain garbitzaileekin, eta eguzkiaren irudikapen gisa ere hartu izan da. 

Herri gehienetan ospatzen da San Juan gaua, baina ba al dago oihartzun handiagoa duen herririk?

Bazter guztietan ospatzen da. Ni Amezketakoa naiz, eta gogoan dut, txikitan, hamabost egun lehenago hasten ginela ondoko basoetatik adarrak ekartzen eta plazan jartzen. Oso polita izaten zen, inguruko baserri guztietan pizten zutelako sua; gau hori magikoa zen denontzat. Niretzat Amezketakoa da San Juan gaurik onena, kar kar. 

Gaur egun Amezketan ala Gasteizen ospatzen duzu? Zer aukera daude Arabako hiriburuan?

Barkatuko didate Lakua-Arriagakoek, baina... ni Judimendira joaten naiz, bueltatxo bat eman, sua ikusi eta ondo pasatzera. 

Kuadrillarekin edo familiarekin zelai batera joan eta sua pizteko ohitura berreskuratzen ari dela dirudi ere...

Pentsa zer esperientzia polita den, halako hego haizearekin, mendian eta su baten ondoan gaua ospatzea. Dena den, sua baino askoz ohitura gehiago daude solstizioaren ospakizunari lotuta. Adibidez, ihintzarena: Gorbeialdean, eta beste toki batzuetan, ohitura zegoen eguna argitu aurretik zelaietara joan eta ihintzarekin bustitzeko, gaitzak sendatzeko. Bestalde, abereak mendira eramaten zituzten gaua pasatzera, ihintza har zezaten. Iturriek berebiziko ura ematen omen dute ere gau horretan. Eta bazegoen beste ohitura bat: lore sorta bat hartu eta bedeinkatzearena, urte osoan zehar etxea babes zezan. 

Gaur egun sua da protagonista nagusia. Inguruan dantza, gainetik salto... 

Suaren inguruan dantza egiten da, eta, baretzen denean, gazteek errautsen gainean egiten dute salto. Saran [Lapurdin] esaten zuten: ona barrena, gaiztoa kanpora. Garbitzearekin lotu izan dugu sua, gure izpiritu gaiztoak kanporatzeko eta gauza onak erakartzeko. Traste zaharrak ere erretzen dira, eta ziklo berri bat hasten da. 

Amaroa webgunean San Juan gaua eta beste ohitura batzuei buruzko informazioa dago. Zergatik sortu zenuen ataria?

Beti izan dut mitologian interesa, eta Diputazioak liburu txiki bat argitaratu zidan. Material hori denon eskura jarri behar nuela pentsatu nuen, eta duela bost urte webgunea sortu nuen. Hasieran, euskaraz bakarrik; gero, gazteleraz, eta orain ingelesez ere. Hilean 10.000 bisita inguru ditu, eta batzutan 18.000ra ere iritsi da. Gaztelerazko bertsiora kanpoko jende asko sartzen da, Ameriketatik-eta. Badago interesa, eta hantxe lanean pasatzen ditut ordu mordoxka...

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide