Hauteskunde Orokorrak 2016

Hauteskundeak Araban: hamabi hautagai, eta lau eserleku

Itsaso Estarrona 2016ko eka. 24a, 11:43

Espainiako Kongresurako lau diputatu aukeratuko dituzte arabarrek igandean; alderdi bozkatuenen zerrendaburu guztiak gizonezkoak dira, eta bakar bat da abendukoaren ezberdina: Mikel Otero, EH Bilduren hautagaia.

 

 

Juantxo Lopez de Uralde. Elkarrekin-ahal dugu.

Equo alderdi ekologistako kidea eta Greenpeace erakundeko Espainiako zuzendari ohia izango da berriz ere Ahal Duguren hautagai nagusia, oraingoan Ezker Anitzarekin koalizioan. Aldiz, Araban bigarren diputatu bat lortzeko aukerak ikusita, bigarren postuko hautagaia aldatu dute: Fernando Iglesias gasteiztarra jarri dute Beatriz Peñaren ordez.  

Alfonso alonso. PP. 

Gasteizko alkate ohiak eta gaur egungo jarduneko Osasun Ministroak Espainiako Kongresuan errepikatuko du. Berarekin batera Javier Maroto alkate ohia aurkeztuko da, zerrendan bigarren postuan. Ikusteko dago San Antonio auziagatik jasotako zigorrak eraginik ote duen hautestontzietan; inkesten arabera, abenduko emaitzei eutsiko die PPk.

Mikel Legarda. EAJ.

Mikel Legardak Emilio Olabarria politikari beteranoaren lekua hartu zuen abenduan Kongresuan, Olabarriak 25 urteren ondoren politikaren lehen lerroa utzi zuenean.   Inkesten arabera, igandean diputatu-postuari eustea lortuko du jeltzaleak. Besteak beste, Segurtasun sailburuorde izandakoa da, Javier Balza Herrizaingo sailburu izan zenean.  

Javier Lasarte. PSE

Jose Luis Rodriguez Zapateroren legegintzaldian diputatu karguan aritutakoa (2008-2011), abenduan PSEren ordezkaritza mantentzea lortu zuen Araban, pronostiko gehienen kontra. Igandean eserlekuari eustea izango da bere erronka, diputatu hori Ahal Dugurentzat edo EH Bildurentzat izan daitekeelako boto (edo abstentzio) gutxi batzuengatik. 

 

Mikel Otero. EH BILDU.

Eh Bildu izan da abenduko emaitzen aurrean aldaketaren alde egin duen indar politiko bakarra. Ofizioz suhiltzailea, eta Fracking Ez Araba plataformako ekintzaile ezaguna, Mikel Otero aurkeztuko da ezkerreko koalizioaren zerrendaburu, Iker Urbina abokatuaren ordez. 2011ko bozetetan Amaiurrek lortutako eserlekua berreskuratzea izango du helburu.

Rodrigo Zamora. Ciudadanos.

Abokatua, Ciudadanosen emaitza hobetzen saiatuko da lurraldean, %5,9ra mugatu baitzen abenduan. 

Beste sei zerrenda:

UPyD, Vox, Libertad Navarra, Espainiako herrien alderdi komunista (PCPE), PACMA eta Recortes Cero. 

 

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide