Hauteskunde Orokorrak 2016

Lehia estua Araban, igandeko hauteskundeetan

Itsaso Estarrona 2016ko eka. 24a, 12:05
Argazkia: Aiaraldea.

Espainiako Kongresurako lau diputatu aukeratuko dituzte arabarrek igande honetan; abenduko hauteskundeek utzitako dezepzioen ondoren, paisaia politikoa aldatzen saiatuko dira alderdiak, Araban oso estua izango den lehian.

Abenduaren 20an lortu ez zutena lortzen saiatuko dira alderdiak igandeko hauteskunde orokorretan, azken bozketen porrot-zaporea gainditzeko. Erronka malkartsua izango da, boto-emaile gehienek aurreko hauteskundeetako aukera bera egingo baitute oraingoan, iragarpen guztien arabera. Gehienek, baina ez guztiek: %14ak boto-txartel ezberdina aukeratuko du, eta beste horrenbestek oraindik ez du erabaki zeini eman bere babesa, Gizaker ikerketa-enpresak EITBrentzat ekainean egindako inkestaren arabera. Hain zuzen, hautesleen %28 hori izango da igande honetan mapa politikoan aldaketaren bat eragin dezakeena eta, Araban, bereziki estua izango da lehia: alderdien artean oso banatuta egon ohi dira botoak, eta boto-txartel gutxi batzuek mugitu dezakete balantza alde batera edo bestera. 

Moreak, indartsu

Balantza horretan pisu gehiago lortzen saiatuko da Ahal Dugu, Arabako zerrendarik bozkatuena pasa den abenduan –hain zuzen, estatuko emaitzarik onenak lortu zituen lurraldean, botoen %27 gaindituta–. Oraingoan, Ezker Anitzarekin batera Elkarrekin-Ahal Dugu (Unidos-Podemos) koalizioa osatuta, ordezkaritza bikoiztu dezake, diputatu batetik bira igaroz, inkesta gehienek iragarri dutena betetzen  baldin bada (tartean Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen kabinetearena, Gizakerrena eta Espainiako CIS ikerketa soziologikoaren zentroarena). 

Araban bi ordezkari lortzea  lagungarria izango litzateke Elkarrekin-Ahal Dugurentzat, estatu mailan sozialisten aurretik bigarren indarrik babestuena izateko eta, haien esanetan, PP agintetik kendu eta gobernu berri bat osatzeko aukerak handitzeko, PSOE haiek babesteko prest egongo balitz –orain arte aukera hori baztertu baitute Espainiako sozialistek–.   

PSE eta EH Bildu, lehia estuan

Kongresuak dituen 350 ordezkaritik lau aukeratuko dituzte arabarrek, eserlekuak banatzeko indarrean dagoen sistema proportzionala dela-eta. Lau horietatik bi Elkarrekin-Ahal Duguk lortuko balitu, PSE eta EH Bilduren kaltetan izango litzateke, PPk eta PNVk diputatu bana mantenduko luketeelako, lan soziologiko gehienen arabera. Sozialistek abenduan ozta-ozta lortutako ordezkaria gal dezakete; eta EH Bilduk Araban ordezkaritza berreskuratzeko saiakeran huts egin lezake. Estua da bi indar politiko horien arteko aldea: PSEk botoen %14a lortu zuen abenduan, eta EH Bilduk, %12a. 

Zehazki, lau mila botoko aldea izan zuten, eta beraz  txartel batzuk nahikoak izan litezke oraingoan  ere laugarren diputatua bata edo besteari emateko, ez balu Pablo Iglesiasen koalizioak lortuko. Nabarmentzekoa da Ahal Duguk 1.100 botogatik baino ez zuela abenduan bigarren ordezkaria lortu. 

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 66. alean.Etxean jasotzeko, izan zaitez harpidedun

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide