Otsailean eratu zen Eskola Publikoaren aldeko plataformak lau hilabete hauetan egindako lanaren berri eman zuen atzo agerraldian. Besteak beste, Hezkuntza Sailburua Cristina Uriarte eta bere taldearekin, Legebiltzarreko eta Udal talde politikoekin eta Gorka Urtaran alkatearekin bildu da Haur eta Lehen Hezkuntzako gurasoek, irakasleek, sindikatuek eta bestelako gizarte erakundeek osatzen duten plataforma. Horrez gain, Eusko Legebiltzarraren Hezkuntza Batzordean dauden alderdiei manifestua ezagutzera eman zien, eta udalbatzan mozioa aurkeztu egin zuen, aho batez onartua izan zena.
Sentsazio “gazi-gozoa”
Denbora honetan egindakoak baloratzen, sentsazioa “gazi‐gozoa” duela azaldu du plataformak. “Aipatutako eragile guztiek gurekin biltzeko prestutasuna erakutsi dute, eta nolabait aitortu dute Gasteizen arazo bat badagoela. Baina gure ustez gaia guk argitaratu eta kaleratu egin izan ez bagenu ez zukeen beste inork egingo”. Horrekin batera, Hezkuntza Sailarekin izandako bilerak “gogorrak” izan direla aitortu dute plataformako ordezkariek.
Uriarterentzat gaia premiazko neurri sakonak hartzeko bezain larria ez dela uste du Eskola Publikoaren aldeko plataformak, “eta beraz, ezer gutxi egingo dute Gasteizen zailtasun gehien daukan ikasleria eskolaratze garaian ikastetxe publiko eta itunpekoen artean ematen den desoreka ikaragarria zuzentzeko”.
Arazoari aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak proposatzen duen neurria itunpeko ikastetxeei ikasturte hasieran legezko ratioak gainditzen ez uztea eta erroldatzeetan egondako iruzurra zaintzea da. Baina plataformaren ustez, neurri horrek ez du Gasteizen bizi diren umeen aukera berdintasuna bermatzen. “Ikasleak haien klase sozial, jatorri edota erlijioaren arabera bereizten dituen hezkuntza sistema eskubide hau behin eta berriz urratzen ari da”. “Sailarekin oso desengainaturik gaude, ez baitu sare publikoa euskal hezkuntza sistemaren ardatz nagusitzat hartzen”. Era berean, Administrazioak “bere pasibotasunarekin lehen, bigarren eta hirugarren mailako" ikastetxeak egotea ahalbidetzen duela salatu du.
Azkenik, Gasteizko udalbatzan onartutako mozioan azaltzen zen neurri bat gehiegi atzeratzen ari direla salatu dute. Honen bidez, egoerari aurre egin eta hiriko hezkuntzaren panorama eraldatuko duten neurriak hartuko dituen erakundearteko mahaia eratzea da helburua.