Lanabes - Araban Euskara Lanean ekimenak orain arte egindako lanaren eta etorkizunerako plangintzaren berri eman zituen atzo, ekainak 14, Artiumen. Arabako Foru Aldundiak, SEAk, Arabako Merkataritza eta Industria ganbarak, Merkataritza Federazioak, Oreka IT-k, Electra Vitoriak, Lanekik eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteak osatzen dute Lanabeseko talde-eragilea eta lan-munduan euskara sustatzea du helburu ekimenak.
Lanabes – Araban Euskara Lanean egitasmoaren helburu nagusia da Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzea eta handitzea. Araban gero eta enpresa gehiago ari da euskara euren eguneroko kudeaketan barneratzen, bezeroekiko zein hornitzaileekiko harremanetan erabiltzen, hizkuntza paisaian, barrura eta kanpora begira. Hor daude, esate baterako Bai Euskarari Ziurtagiria edo Bikain agiria duten enpresak eta euskara plana dutenak. Aldaketak ari dira ematen eta, pixkanaka, euskara sustatzeak eta erabiltzeak ekar ditzakeen onurez ari dira jabetzen enpresak, saltokiak eta era guztietako entitateak.
Lanabesen talde-eragileak atzo, ekainak 14, egin zuen proiektuaren inguruko aurkezpena Arabako arlo sozioekonomikoko hainbat eragileren aurrean. Arabako lan-munduan euskara sustatzeko hiru lan-ildo adostu ditu Lanabesek:
“Lanabes – Araban Euskara Lanean” ekimena gidatu duen taldeari segimendua eta zabalkundea ematea.
Arabako sektore sozioekonomikoa euskararen erabileraz sentsibilizatzea. Komunikazioa.
Era guztietako entitateak eta pertsonak inplikatzea, Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia handitzeko.
Igone Martínez de Luna Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak nabarmendu zuen orain arte hezkuntza euskalduntzean jarri direla indarrak, baina lan-mundua euskalduntzeari ere erreparatu behar zaiola, gizarteak eleanitza izaten jarrai dezan: “Oso garrantzitsua da konturatzea hezkuntza eta lana ardatz garrantzitsuak izango direla Araban eleaniztasunari dagokion kolorea emateko. Bien arteko harremana landu beharko da eta oraintxe da unea horri heltzeko. Harrobia badago, lanabesak behar dira, ordea, harrobia lan-mundura eramateko”, esan zuen.
Arabako lan mundua hizkuntza kudeaketan eredugarri izateko nahia azaldu zuen Martínez de Luna foru diputatuak. Hizkuntza kudeaketaz aritzean “batzeaz”, “hizkuntzen arteko orekaz”, “gizartearen bilakaerari erantzuteaz” eta “herri garapenaz” ari garela nabarmendu zuen.
Lan-munduaren euskalduntzean eragitea da Lanabesen helburua eta hori lortzeko ezinbestekoa da enpresak eta profesionalak inplikatzea. Lanabesen talde-eragilean parte hartzen du SEA - Arabako Enpresariak elkarteak eta Aitor Otaola SEAko Zuzendari Laguntzaileak inplikazio hori berretsi zuen.
Rober Gutiérrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendariak nabarmendu zuen Lanabes proiektuak erakusten duela “denon inplikazioa” behar dela lan-mundua euskalduntzeko “ezinbestekoak” diren neurriak erabaki eta eraginkortasunez aplikatzeko.
Hala, Lanabesen elkarlanean euskara bultzatzeko egiten ari diren lana eredugarritzat jo zuen Gutiérrezek: “Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzeko eta handitzeko helburu partekatuarekin ari gara denok lanean. Elkarri aitortuz bakoitzak duen garrantzia, elkar babesten, osagarritasuna bilatzen eta guztion arteko elkarlana bideratzen. Espero dezagun arrakastarik handiena izatea”, azaldu zuen.
Azkenik, Pilar García de Salazar Arabako diputatu nagusiordeak hartu zuen hitza aurkezpenean. Lan-munduak lehiakor izateko berrikuntza nahitaez behar duela azpimarratu zuen eta esan zuen “berrikuntza bezala aldarrikatu eta indarrean jarri” nahi duela Araban ere hizkuntza kudeaketa egokia garatzea, bai enpresetan eta baita Lanbide Heziketan ere.
Lanabesen etorkizuneko plangintza azaltzeaz gain, webgunea ere aurkeztu zuen atzo ekimenak: Lanabes.eus webgunean aurki daiteke ekimenaren inguruko informazio eguneratua.
Lanabes ekimenaren aurkezpeneko argazkiak: https://www.flickr.com/photos/baieuskarari/albums/72157667106371534
‘Zer da Lanabes?’ bideoa
Webgunearen aurkezpen-bideoa
ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.