Araba Euskaraz 2016

"Mojen ikastetxea ginen, eta orain ikastola: dena aldatu da"

Itsaso Estarrona 2016ko eka. 15a, 10:59

Argazkia: Saioa Fernandez de Aranguiz.

Duela zazpi urte, Aguraingo Corazon de Maria ikastetxea Lautada ikastola bihurtu zen; aldaketa horren berrio eman dio ALEAri  Txus Rodriguez zuzendariak Araba Euskaraz festaren atarian.

 

Ikastetxe erlijioso bat zenean hasi zen lanean Txus Rodriguez Aguraingo San Jorge auzoko eskolan, duela hamazazpi urte. Eraikin berean, ikastola bat zuzentzen du orain. "Bilakaera izugarri" horren berri eman dio aleari Araba Euskaraz festaren atarian. 

Urtebeteko lanaren ondoren, iritsi da momentua...

Bai, eta momentua iristeko gogo handia genuen gainera. Egindako lanagatik pozik gaude, eta dena espero moduan ateratzea espero dugu. 

Egindako lanaren emaitza izango da ekainaren 19a, baina, egun horretaz harago, bestelako fruiturik eman al dizue egindako lanak?

Jakina. Araba Euskaraz ez da egun horretan hasten, ezta bukatzen ere. Ikasturtean zehar asko landu dugu parte-hartzea, asko sendotu dugu gurasoen arteko harremana, eta asko indartu da hezkuntza komunitatearen partaidetza sentimendua. Asko dira fruituak.

Ekainaren 19ak berak zer suposatuko du ikastolarentzat?

Batetik, diru-sarrera inportantea izango da guretzat Araba Euskaraz festa, edo hala espero dugu behintzat, baliabideak behar ditugulako ikastolak aurrera egiteko. Bestalde, igandeko jaiak gure proiektua ezagutarazteko balio izango du, oso ikastola berria garelako. Eta, bukatzeko, Agurain herriaren izena eta Lautadarena bera ere zabaltzen lagunduko du. 

Bost hitz aukeratu beharko bazenitu Lautada ikastola definitzeko...?

Gaztea, indarrez betetakoa, parte-hartzailea, lankidetzan oinarritutakoa eta guraso-kooperatiba izaerakoa. 

Zer zailtasun bizi izan dituzue urte hauetan, batez ere moja ikastetxe izatetik ikastola izatera trantsizioan?

Zailtasunak izan dira bidean, jakina, baina zailtasun bezala baino, aldaketa izugarri moduan bizi izan ditugu. Lehen, mojen ikastetxe bat ginen, eta orain ikastola: dena aldatu da. Ikastetxe ginenean, mojek hartzen zituzten erabakiak, inoren parte-hartzerik gabe. Orain, gurasoek erabakiak hartu eta parte-hartzen dute. Irakasleen funtzionatzeko modua ere aldatu da: klaustroen bidez hartzen ditugu erabakiak, denon artean. Bestalde, berrikuntza metodologiko izugarria bizi izan dugu. 

Zehazki, nola aldatu da hezkuntza-eredua?

Garai batean, irakasleak ikasgai magistralak ematen zituen. Orain, aldiz, irakasleak jarduerak bideratzen ditu, baina ikasleak dira euren ikaskuntza-prozesuaren protagonista: euren kabuz bilatu behar dute askotan informazioa, lan praktikoak egin behar dituzte, eta ahozkotasuna askoz gehiago lantzen dute. Teknologia berriak ere sartu dira ikasgelan. Aldaketa erabatekoa izan da. 

Zer beste lorpen egin ditu ikastolak?

Guretzat dena izan da lorpena: ikastola bilakatzea, ikastetxeko irakasleek ikastolan jarraitzea, ikasle-kopurua mantentzea, gurasoen inplikazioa handitzea eta aurrera egitea.   Dena!

Eta geroari begira erronka nagusia?

Guzion benetako parte-hartzea handitzea, eta proiektua indartzea. 

Euskarari dagokionez, zer ekarpen egin nahi duzue herrian?

Lehen, mojen ikastetxean, irakasgaiak euskaraz lantzen ziren, baina gaztelaniaz funtzionatzen genuen. Orain, ikastolan euskaraz bizi gara,  eta hori bera ekarpen bat da. Euskararen erabilera handitzen lagundu nahi dugu Agurainen.

Ibilbideak zer berezitasun ditu aurten?

Duela sei urte Araba Euskaraz Agurainen ospatu genuenean, erdialdetik igaro zen, batez ere. Aurten, beste auzo batzuetatik pasako da, eta ibilbidea gertuago dago aparkalekuetatik... Beraz, jendea herrira etortzera animatu nahi dut, euskaraz egun polit bat elkarrekin pasa dezagun.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago