Eguneko Kirurgia Ospitalea zabaldu dute Santiagon

Erredakzioa 2016ko eka. 13a, 14:06

Orain arteko arreta-eremua bikoiztea ekarriko du eta ekipamendu modernoarekin hornitu dute.

Eguneko kirurgia-ospitale berria, Santiago Ospitalearen A pabilioiko bigarren solairuan kokatua, gaur hasi da jardunean, eta eguneko ospitale zaharraren ahalmena bikoiztuko du. Hala, Arabako Unibertsitate Ospitalearen plan gidariaren baitan 1.490.000 euroko inbertsioa egin denez, arreta hobea jasoko dute paziente arabarrek.

Izan ere, arreta-gune berriak 30 box ditu eta bi bloketan banatuta. Blokeen albo banatan bina isolamendu-gela ipini dira, 4 orotara. Espazio argi eta irekia da, pazientearen erosotasunaren arabera zehaztu dena, eta box bakoitza modu indibidualean girotu eta argiztatu daitekeena.

Gainera, prozedura-areto bat du, kirurgia txikiak eta konplexutasun txikiko prozedura mediko-kirurgikoak egiteko behar den ekipamendua duena.

Harrera-eremuan 46 pertsonentzako lekua duen itxaron-gela bat dago eta bi arreta-postu –horietako bat, egokitua– dituen mostradore bat.

Laguntza-eremuei dagokienez, eguneko kirurgia-ospitaleak biltegi adimentsu bat du, izakinak automatikoki kontrolatzen dituena irrati-maiztasuneko sistema baten bitartez. Halaber, bulegoak, bilera-gela bat, pazienteen eta langileen aldagelak eta ebakuntza egingo dieten pazienteak prestatzeko areto bat ditu.

Eguneko kirurgia-ospitalearen eginkizun nagusia da pazienteak kirurgia-prozedura baino lehenago prestatzea, baita kirurgia-blokean ebakuntza egindako pazienteen zainketaz eta errekuperazioaz arduratzea ere, kirurgia-anbulatorio handiko zirkuitua jarraikiz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide