Amodioaren zoriontasun eza

Erabiltzailearen aurpegia Miren Manias 2016ko eka. 10a, 16:42

'Mon Roi' pelikulako protagonistak

"Filmaren zuzendariak ez du emakumearen figura indartzeko hautua egiten, alderantziz baizik"

Ezin da. Tony eta Giorgioren arteko amodiozko erlazioa ezinezkoa da eta ez du etorkizunik. Hori diosku Maïwenn Le Bresco (Frantzia, 1976) zinema zuzendari gaztearen Mon Roi (2015) izeneko filmak. Emmanuelle Bercot (Tony) zeharo maiteminduta dagoen emakumezkoa da, eta Vincent Cassel (Giorgio), aldiz, gizonezko erakargarri bezain kutsagarria. Haren ezaugarri fisikoengatik, izaera sinpatiko eta hitz jarioa direla eta, guztiz harrapatzen zaituen horietakoa da. Eta suposatzen dut, modu batean ala bestean, denok ulertzen duzuela zertaz ari naizen... Testuinguru horretan, arrazionalki jokatu ezinik, Tony bizi da bere emozioen ziegan. 

Urte dezente pasatu dira lehen aldiz elkar ezagutu zutenetik, hala ere, berriro topo egitean Tonyk uste du Giorgiok haren izena gogoratuko duela. Baina kontrako sorpresa eramango du. Festazale, neskazale, alkoholzale eta drogazalea da oso. Gustuko duen makarra moloia da Giorgio. Eta aldi berean bizkorra. Maltzurra. Tonyren sentiberatasun eta ahultasuna ikusirik, horiek baliatuko ditu bere aginduetara makurtzeko. Alegia, kate motzean lotu eta irtenbide errazik gabeko kiribilean sartuko du Tony: ezkondu, seme bat eduki eta porrot ekonomikoan murgilduz. 

Muturreko egoera horretan, ordea, filmaren zuzendariak ez du emakumearen figura indartzeko hautua egiten. Alderantziz baizik. Maitasunezko harreman heterosexual batean, emozioek norbanakoan duten eragina azaltzeko, hauskortasun femeninoa erabiltzen du gizonezkoaren aurrean haren baliogabetze pertsonala islatuz. Beharbada, egilearen asmoa da gaiaren gaineko gogoeta bultzatzea audientziarengan edota mezu zehatza uztea. Hala ere, nire ustez, aberasgarriagoa litzateke halako egoera bati buelta emateko Tonyren gaitasuna erakutsi balu; izan ere, amaierara arte eusten dio ikuspuntu horri eta zinema aretotik etsipen sentsazioarekin irteteko arriskua dago. 

Erritmoari dagokionean, filma ez da indartsu hasten, baliteke aretotik irteteko gogoa izatea hasieran. Istorioak aurrera egin ahala, ordea, indartu, Tonyren lekuan jarri eta Giorgio biziki gorrotatu dezakezu. Areago, biei astindu ona emateko gogoa sentitu. Baina, Cassel hain da moloia... ezta?

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago