The Hellacopters taldeak ordezkatuko du Primal Scream

Erredakzioa 2016ko ekainaren 10a

The Hellacopters

Taldearen lehen diskoak, Supershitty to the Max lanak, hogei urte bete dituela ospatuko dute Gasteizen.

Primal Scream taldeak datorren astean Azkena Rock jaialdian eman behar zuen kontzertua bertan behera utzi behar izan du taldeko abeslari eta lider Bobby Gillespiek sorbaldan haustura bat izan eta gero, eta haren ordez The Hellacopters taldea izango da ostiralean (23:00etan).

2003an ere aritu zen Suediako taldea Azkena Rocken. Oraingoan, baina, hasiera bateko taldekideekin itzuliko da Mendizabalara. Izan ere, Supershitty to the Max lehen diskoak bete dituen hogei urteak ospatzeko birarekin datoz, eta disko horretako kantak ekarriko dituzte Gasteizera.

1994an sortu zen The Hellacopters eta 2008an banandu egin ziren. Abenduan, baina, agertokietara itzuliko zirela iragarri zuten, Supershitty to the Max lanaren urtemuga ospatzera. Hala, gaur bertan emango dute itzulerako lehendabiziko kontzertua Sweden Rock jaialdian, eta datorren astean Azkena Rocken izango dira.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago