Arabako botoek izango duten garrantziaz jabetuta, EAJk, PSE-EEk, Elkarrekin-Ahal Duguk eta PPk Gasteiz aukeratu dute kanpainako lehen ekitaldi nagusia egiteko. EH Bilduk ekitaldia egingo badu ere, ekitaldi nagusia Irunen egingo du.
PP izango da goiztiarrena, 19:00etan, Artiumen. Espainia serioski, orain inoiz baino gehiago! da aukeratutako leloa eta EAEko hiru zerrendaburuak izango dira: Alfonso Alonso, Leopoldo Barreda eta Borja Senper.
Ondoren helduko dio PSE-EEk, 20:00etan, Zaramaga auzoan (Nafarroako erregeak kalea). Baiezko bat aldaketarako leloa aukeratu dute kanpainarako, eta Idoia Mendia idazkari nagusia eta hiru zerrendaburuak izango dira: Patxi Lopez, Javier Lasarte eta Odon Elorza.
Ordubete beranduago, 21:00etan, Bastiturri kalean emango dio hasiera kanpainari EAJk. Lehenik Euskadi leloa buru, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria, Andoni Ortuzar EBBko presidentea eta hiru zerrendaburuak izango dira ekitaldian: Aitor Esteban, Mikel Legarda eta Joseba Agirretxea.
Ordu berean, Elkarrekin-Ahal Dugu koalizioak lehenengo kanpaina izango du. Gasteizko Florida parkea aukeratu dute horretarako. Herrialde baten irribarrea goiburu hartuta, Ahal Duguko, Ezker Anitzako eta Equoko buruak ariko dira: Nagua Alba, Isabel Salud eta Juantxo Lopez Uralde.
EH Bilduk Irunen (Gipuzkoa) egingo du kanpaina hasierako ekitaldi nagusia, 20:00etan, Arnaldo Otegi lehendakaritzarako hautagaia, eta Marian Beitialarrangoitia eta Oskar Matuterekin batera. Gasteizen, baina, Arabako ekitaldia izango dute, 20:00etan, Andre Mari Zuriaren plazan; Eva Lopez de Arroyabe eta Mikel Otero hautagaiak izango dira bertan.