Udan debekatuta egongo da txakurrak Garaio eta Landako hondartzetara sartzea

Erredakzioa 2016ko ekainaren 9a

Asteburu honetan udako denboraldia abian jarriko da Garaion eta Landan.

Asteburu honetan Uribarri Ganboako urtegian, Garaioko eta Landako hondartzetako bainu denboraldia hasiko da. Sorosleak izango dituzte asteburu horretan eta etenik gabe ekainaren 17tik  abuztuaren 31ra bitartean. Guztira, 11 sorosle izango dira.

 
Bainu denboraldian zehar laguntzarako lau postu jarriko dira: bi Garaioko parkean, bat Landako parkean eta beste bat Uribarri Ganboako herriguneko hondartza aldean. Laguntza postuak irekita egongo dira eguerdiko 12etatik arratsaldeko 8ak arte jarraian. Gainera, hiru hondartzek izango dute umeentzako bainu esparru mugatu bana.
 

‘Banderadun’ hondartzak

Arabako barrualdeko hiru hondartzek dute aurtendik Bandera Urdinaren bereizgarria. Hori dela eta, zenbait aldaketa egin behar izan ditu Arabako Foru Aldundiak, besteak beste, Landan pasabide egokitua eraikitzea, mugikortasun urriko pertsonak uretara eta komunetara hel daitezen eta panel informatibo berriak jarri.

 Arau berriak

Zehazki, motordun ibilgailuen erabilera arautu da (jendeari zabalduta dauden orduetan bakarrik sartu ahal izango dira, aparkaleku seinaleztatuetan, eta haien edukiera bete arteko kopurua bakarrik), eta gehienezko abiadura ere bai (ezingo dira ibili orduko 30 kilometro baino arinago, eta betiere oinezkoen lehentasuna errespetatuz), eta orobat arautu dira soinua egozten duten gailuak (ezingo dira erabili pertsonak eta ingurunea gogaitzeko bolumenarekin). Era berean, mugatu egingo dira surfa, windsurfa, kite-a eta uretako patinak.
 
Azkenik, txakurrak sartzeko eta edukitzeko modua ere arautuko da: etxeko abereak ezingo dira sartu bainurako guneetara udako garaian; lotuta eraman beharko dira, eta gorotzak ezingo dira utzi parke barruan. Azken arau honen eraginez, jabeek txakurrak eramateko gune bereziak eskatuko dituzte.
 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago