Miriam Isasi gasteiztarrak irabazi du 2016ko Otaola Beka

Geuria 2016ko eka. 8a, 14:11
Irudia: Geuria

6.000 euro jasoko ditu eta sei hilabete izango ditu bere lana garatzeko, Basauriko Udalak ematen duen beka honi esker.

Miriam Isasi artista bisualak (Gasteiz, 1981) irabazi du Juan eta Pablo de Otaola Bekaren aurtengo edizioa, ‘Te retuerces muy bellamente, querida’ lanarekin. Eskultura klasikoetan izango du oinarria proiektu irabazleak, hala nola, eskultura klasikoen egotzikapena egingo dute dantzari batzuek. Isasiren lanaren helburua da zubi bat eraikitzea prozesualaren eta esperimentalaren artean eta horretarako gorputz fisikoak erabiliko ditu.

 Isasik 6.000 euro jasoko ditu eta sei hilabete izango ditu bere lana garatzeko: “Ikerketa fasea dagoeneko eginda dago eta orain proiektua gauzatzea falta da“, dio Miriam Isasik. Ondoren, proiektuari buruzko memoria aurkeztu beharko du, bisuala zein idatzizkoa. Erakusketa datorren urtean egongo da ikusgai Arizko Dorretxean. Era berean, aurten bezala, tailerrak eskainiko ditu Basauriko eskoletan, artea gazteengana hurbiltzeko helburuarekin.

Beka hau 1999. urtean sortu zen. Otaola familiak finantzatzen du eta Basauriko Udalak kudeatzen du. Bere xedea da prestakuntza artistikoa sustatzea, eta arte plastikoen eremuan sortzen laguntzea.

Ibilbide luzea

Isasi Arte Ederretan doktorea da Euskal Herriko Unibertsitatean eta banakako zein taldekako hainbat erakusketetan parte hartu du. Besteak beste, Artiumen, San Telmo Museoan, Guggenheim Museoan, Euskal Herriko Unibertsitatean, HUARTEn, Würth Museoan, Blanca Soto Galerian (Madril), Doris McCarthy Galleryn (Toronto), Casa Galerían (Mexiko) edota EGG Galleryn (Pekín).

43 artista eta 39 proiektu

Aurten, 43 artistek 39 proiektu aurkeztu dituzte. Hain zuzen ere, aurreko edizioetan baino gehiago: iaz 27 proeiktu aurkeztu zituzten eta 2014an 38.

Epaimahaian izan dira Haizea Barcenilla, Artearen Historiaren irakaslea Euskal Herriko Unibertsitatean, arte-kritikaria eta erakusketa-komisarioa, eta Enrique Martinez Goikoetxea, Artiumeko bildumaren kontserbatzailea.

 

Egilea: Geuria.eus

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide