5.000 urte inguruko abere artegiak Araban

Erredakzioa 2016ko eka. 8a, 12:51

Garai horretan, Kalkotikoan, lurraldea antolatzeko zer estrategia eta zer funtzio ekonomiko zituzten argitzen du EHUko lan talde batek egindako ikerketak.

EHUko Historiaurre Arloko ikertzaile talde batek Toloño mendilorrean kokatzen den San Cristobaleko babeslekuan duela gutxi egindako ikerketen emaitzak aurkeztu ditu. Datu hauei esker, lehen aldiz baieztatu dute nekazari eta artzain komunitateek duela ia 5.000 urte Euskal Herriko eta Iberiar penintsulako ipar-mendebalde osoko babeslekuak ardi edo ahuntzentzako artegi gisa erabiltzen zituztela.

EHUko ikertalde horrek berak aurretik egindako azterlanen arabera, baziren Antzinako Neolitoko abere artegiak Toloño mendilerroko beste aztarnategi batzuetan, 6.000 urtetik gorakoak. Alabaina, oraingo honetan aurrenekoz baliatu dira datu geoarkeologikoak eta paleobotanikoak (fitolitoak, polena, ikatza eta haziak), inguru horretako gizataldeek babesleku horietan nola jarduten zuten ikusteko eta orain 5.000 urte inguru, Kalkotikoan lurraldea antolatzeko zer estrategia eta zer funtzio ekonomiko zituzten jakiteko.

"Lan aitzindaria da hau Iberiar penintsulako nekazari eta artzain komunitateei buruzko ikerketen artean. Kalkolitoan San Cristobal okupatu zuten gizataldeek babeslekua ahuntz eta ardientzako artegi gisa erabili zutela frogatzen duten ebidentziak ditugu; ildo horretatik, egiaztatu dugu ehunka urtean erabili zituztela artegiak, baina aldi baterako soilik, Toloño mendilerroko baliabide natural aberatsak urtaro jakin batzuetan ustiatzeko. Gainera, sedimentuen azterketa mikroskopikoari esker, jakin dugu denbora tarte jakin batetik behin erre egiten zituztela pilaturiko hondakinak, gune okupatua garbitzeko seguru asko, eta ohitura zehatz batzuei jarraitzen zietela horretarako: hondakinak pilatu, eta, erre aurretik, egurra jartzen zuten gainean, su hobeto har zezaten beharbada", azaldu du Ana Polo-Diazek, EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko ikertzaileak.

Bestalde, abereek zer jaten zuten zehaztu ahal izan da: babeslekuaren inguruko bazkaz elikatzen ziren hein handi batean.

Polenari buruzko datuekin, ikusi da San Cristobaleko inguru hurbilean baso bat hazten zela azterturiko garaian, eta baso horretan batik bat hurritza eta hosto erorkorreko haritza hazten zirela.

 Halaber, bazkalekuak eta soro landuak zeuden babeslekutik nahiko gertu. Horrenbestez, garai hartan nekazaritza eta abeltzaintza lantzen zituzten bizirik irauteko, eta horregatik erabili zuten San Cristobal artegi gisa. Oraingoz ezin izan da aurkitu aire zabaleko aztarnategirik San Cristobaletik gertu, baina seguru asko existituko zen herrixkaren bat handik hurbil, urteko aldi jakin batzuetan abereekin hara eta hona ibiltzen zena mendilerroko baliabideak ustiatzeko asmoz.

EHUko taldea Javier Fernandez Eraso Historiaurreko katedradunak zuzendu du, eta EHUko Historiaurre Arloak koordinaturiko diziplina arteko lankidetzaren emaitza izan da lana. Lan horretan aritu dira, halaber, Bartzelonako Unibertsitateko eta CSICeko adituak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide