1.441 arabarrek egingo dute Selektibitatea

Erredakzioa 2016ko eka. 7a, 11:09

1338 ikasle Batxilergokoak dira, gainontzeko 103 Lanbide Heziketakoak. 829 gaztek euskaraz egingo dute. Asteazkenean hasiko dira unibertsitatera sartzeko probak.

Asteazkenean, ekainak 8, unibertsitatera sartzeko probak egingo dituzte ikasle arabarrek. Guztira, 1.441 gazte izango dira; 1.338 Batxilergoko ikasleak dira, gainontzeko 103, berriz, Lanbide Heziketakoak. Azken hauek soilik egingo dute fase espezifikoa. Aurten emakumeak nagusitu dira hiru egunetan egingo diren proba hauetan, eta 819k egin dute. Gizonezkoak, aldiz, 622 izango dira.

Hizkuntzari dagokionez, ikaslek gehienek euskaraz egingo dute, konkretuki, 829. Gainontzeko 612k gaztelera hautatu dute.

Probaren nondik-norakoak

Probak hiru egunetan zehar egingo dira, ostiralera arte, eta bi fase izango ditu: orokorra eta espezifikoa. Fase orokorrak Batxilergoa amaitzean ikasleek graduko unibertsitate-ikasketa ofizialak egin beharreko heldutasuna eta oinarrizko trebetasunak dituzten ala ez neurtzea du helburu. Honako bost azterketez osatuta dago: Gaztelania eta literatura; Euskara eta literatura; Filosofiaren historia edo Historia; Atzerriko hizkuntza eta Batxilergoko 2. mailako modalitateko ikasgai baten azterketa, ikasleak nahi duena. Gai bakoitzak 0 eta 10 bitarteko nota jasoko du, eta fase honetan gehienez 10 atera daiteke.

Batxilergoko notaren eta fase orokorreko kalifikazioaren artean egindako batez besteko nota haztatuan (%60 Batxilergoari dagokio eta %40 fase orokorrari) 5 puntu edo gehiago lortuz gero proba gainditutzat joko da, baldin eta ikasleak fase orokorrean gutxienez 4 puntu lortu baditu.

Fase espezifikoa borondatezkoa da eta haren helburua da neurtzea ikasleen ezagutzak eta arrazonatzeko gaitasuna arlo jakin batzuetan, alegia, unibertsitatean egin nahi dituen ikasketekin zerikusia duten arloetan. Fase honek aukera ematen dio ikasleari fase orokorrean lortutako kalifikazioa hobetzeko. Parte espezifikoan ikasle bakoitzak Batxilergoko bigarren mailako modalitateko edozein gai aukera dezake, fase orokorrerako aukeratu duena izan ezik.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide