Gazteentzako sexu aholkuak bideoan eta euskaraz, Emaizeren eskutik

Emaize sexologia zentroa 1994tik ari da lanean Gasteizen. Sexu heziketa eskaintzen dute ikasle, irakasle eta familientzako. Aholkularitza zerbitzua ere badute eta, horrez gain, terapiak egiten dituzte. Zerbitzu guztiak euskaraz zein gaztelaniaz eskaintzen dituzte eta Bai Euskarari Ziurtagiria dute.

Ana Ramírez de Ocariz Emaizeko arduradunak azaldu digunez, sexualitatea lantzeko euskarazko materialaren beharra dago, batez ere gazteentzako. Izan ere, bideoak oso lagungarri dira gazteei sexuez hitz egiteko, baina beste hizkuntza batzuetakoak erabili behar izaten dituzte, euskarazko azpitituluekin. Behar hori ikusita, Emaize 3.0 proiektua jarri dute martxan eta bertan SexSare bideoak sortzen ari dira, batez ere DBHko ikasleekin erabiltzeko. Youtuben duten kanalean ere joango dira gehitzen bideo horiek.

Teknologia berriek garrantzi handia dute gaztetxoek sexualitatea bizitzeko duten moduan eta mugikorra edo ordenagailua erabiltzeko zenbait aholku emango dituzte bideoetan. Hala, mugikorraren bidezko kontrola, sexting-a edota grooming-a izango dituzte mintzagai bideoetan. Teknologia berriez gain, betiko gaiak ere landuko dituzte; nerabezaroko aldaketak, adibidez.

Bideoak sortzeko proiekturako Euskararen Ginkanan irabazitako 3.000 euroko saria baliatu dute. 

Gurasoak ere hezi behar dira

Ramírez de Ocarizen ustez garrantzitsua da gurasoek ere sexu-heziketa jasotzea. Batetik, sexualitatearen inguruan seme-alabekin nola jokatu jakiteko, eta bestetik gaur egungo gaztetxoek sexualitatea nola bizi duten jakin eta ulertzeko.

Umeek jaiotzetik dute sexualitatearekin harremana, gizakiok sexualak baikara. Identitate sexualaren kontzientzia 2-3-4 urterekin hartzen dute; lehenengo haurtzaroan dugu adierazteko gaitasuna.

Emaizeren inguruko informazio gehiago duzue beraien webgunean: http://emaize.com/

Osorik irakurri

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago