Badator Gastroswingaren edizio berri bat

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko eka. 2a, 12:46
Irudia: Gastroswing

Swinga eta gastronomia uztartzen dituen dantza jaialdiak eskolak, kontzertuak, kaleko jarduerak, bisitak eta hitzordu gastronomikoak eskainiko ditu gaurtik igandera bitartean.

600 pertsona inguruk parte hartuko dute gaurtik hasita eta igandera bitartean ospatuko den Gastroswing jaialdiaren seigarren edizioan, tartean, munduko herrialde ezberdinetatik etorritakoak. Beti bezala, swinga, gastronomia eta turismoa jaialdiaren ardatzak izango dira eta antolatzaileek egitarau zabala prestatu dute, besteak beste, kontzertuak, eskolak, bisita gidatuak, hitzordu gastronomikoak eta argazki erakusketa batekin. Eskoletan eta zenbait jardueretan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da.

Ostegunean

Ostegunean, 20:00etan, hasiera emango diote aurtengo edizioari. Ohi denez, Artium museoan izango da, non emakumeak jazzaren munduan duen garrantzia azpimarratu nahi duen argazki erakusketa inauguratuko den. Kontzertuak ere izango dira, eta esaterako, arabar abeslari talde bat Doc Scanlon's Cool Cat Combo taldearekin batera arituko da.

Ostiralean

Ostiral goizean Europan hasiko da eguna. Bertan, izen handiko nazioarteko mailako irakasleek swing lantegi ezberdinak emango dituzte. Eguerdian, Gasteizko horma-irudien ibilbidea egingo dute eta bazkaltzeko, Murgiara abiatuko dira. Gauean, Artiumen elkartuko dira dantzari eta zale guztiak, pintxoak dastatzeko eta Doc Scanlon's Cool Cat Combo eta The Gordon Webster Band taldeen soinuarekin dantzatzeko.

Larunbatean

Europa jauregia berriro izango da topagune; lantegiak eta klaseak izango dira goiz osoan. Eguerdian, Alde Zaharra bisitatuko dute partehartzaileek eta bazkalatzeko, proposamen bikoitza egongo da. Batzuk, ohiko bilakatu den txangoa egingo dute Iturrieta sagardotegira. Lekua mugatua denez, gainontzekoek Landatxo bazkaltzeko aukera izango dute. Bertan, kontzertuak edo lantegiak egingo dituzte. Eguna Artiumen amaituko dute.

Igandean

Goizeko klaseen ostean, kalejiaran abiatuko dira dantzariak Europatik Frantzia kaleko museora, bertako gastronomia dastatzen eta dantzatzen jarraitzeko. Arratsaldean, Gastroswingak Aranako jaiekin bat egingo du eta bertara eramango dituzte swing pausuak. Azkenik, Gora Proiect tabernan jam session bat eskaini dute, jaialdiari agur esateko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide