Heraclio Fournier eta haren izena duen bilduma omentzeko egitarau zabala

Erredakzioa 2016ko eka. 1a, 13:46

100 urte bete dira Heraclio Fournier hil eta haren izena duen bilduma sortu zenetik. Erakusketak, ikuskizunak, musika eta magia izango dira Bibat museoak prestatu duen egitarauan.

Uztailaren 28an 100 urte beteko dira Heraclio Fournier hil zenetik eta bere iloba Felix Alfaro Fournierrek naipeen enpresa gasteiztarraren sortzailearen izena daraman bilduma abian jarri zuenetik. Bi urteurren hauek ardatz hartuta, Bibat museoak eta Arabako Foru Aldundiak jardueren egitaraua zabala antolatu dute. Besteak beste, erakusketak, musika eta magia eskainiko du programa honek.

Aste honetan bertan, Heraclio Fournier. 100 urte geroago erakusketa zabaldu ditu ateak. Hasiera batean, Gasteizen ikusteko aukera izango da, baina ondoren erakusketa ibiltaria izango da eta Agurain, Guardia, Amurrio eta Varonatarren etxera mugituko da.

Larunbatean, esaterako, musikarekin ospatuko dute urteurren berezi hau Traspaso kultur elkarteak ikuskizuna eskainiko du Plaza Berrian eta museoan bertan. Horrez gain, ekainean bisita magikoak egingo dituzte, Arabako Ilusionisten elkartearen eskutik.

Egitarau osoa: Heraclio Fournier, 100 urte geroago

 

Bildumaren historia

 Arabako Fournier Karta Museoko bilduma 1916an hasi zen, Heraclio Fournier jauna hil ondoren, karta fabrikaren buru gisa haren iloba Felix Alfaro Fournierrek ordeztu zuenean. Bere bildumazaletasunak, kartagile bezala zeukan interes profesionalaz gainera, bilduma hau hastera eraman zuen, hainbat erosketa eta dohaintzaren bitartez handituta.

Garrantzi berezia izan zuen 1970ean Thomas De La Rue-ren bilduma enkantean erosteak. Ordura arte, Londresko British Museum-en gordailatuta egon zen bilduma hori. Horren erosketarekin, Europan gordetzen diren ale zaharrenetako batzuk jaso ziren.

1984an, Arabako Foru Aldundiak bilduma erosi zuen eta Arabako Arte Ederren Museoko zenbait aretotan ikusgai jarri zuen. Harez gero, funtsen gehikuntza eta erakusketa beharrizanak zirela eta, bilduma Bendaña jauregian eraman zen. Jauregi hau 1994 urtetik aurrera Arabako Fournier Karta Museoaren egoitza da.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide