Musika emanaldiz josita dago azkenaldian Mendialdea. Hilaren erdialdean Ataurin egindako Amezti Rock Gauaren ondotik, oraingo asteburuan Alboka Eguna dator. Orbison egingo dute jaialdia, larunbatean; 15. edizioa da aurtengoa.
Arabako Haizemon Albokari Elkarteak egitaraua oparoa antolatu du. Bezperan, ostiralean, hasiko dira ekintzak, fita tradizionalak egiteko tailerrarekin; 18:00etan hasiko da. Larunbatean, 11:30ean egin dute hitzordua albokariak; ordu erdi beranduago, herriko kaleetatik barrena kalejiran murgilduko dira; jotzen duten bitartean, hamaiketakoa egingo dute.
Herri bazkaria egitea ere aurreikusi dute. Nagusientzako txartelak 10 eurotan daude salgai, eta umeenak, berriz, bost eurotan. Bazkalostean musikarien inprobisazioak etorriko dira, eta baita Eneko Etxegarai kontu kontalaria eta malabare tailerra ere.
Emanaldi orokorra
Horren ostean, 18:00etan, Orbison bildutako alboka taldeek, akademiek eta eskolek emanaldia eskainiko dute. Ordu berean hasiko dira umeentzako puzgarriak eta jolasak. 19:30ean, alboka baten zozketa egingo da; eta ordu erdi beranduago, Jo ta Fa taldearen dantzaldia hasiko da.
Musika kontzertuekin amaituko da jaialdia: hain justu, Xarpa, Jupiter Jon, Euskarabet ibiltaria, Trikoma eta La Araña Calva taldeak igoko dira agertokira, 21:00etatik.