"Alde intimistaren eta rockeroaren arteko kontrastea dago Montauken"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2016ko mai. 26a, 12:07
Gaztetalent sariketa irabazi zuen iaz Montaukek.

'Bilaketan' bere estreinako lana aurkeztu du gaur Montauk laukoteak Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

 

Montauk musika taldearen abeslaria eta gitarrista da Beñat Goitia (Gasteiz, 1991); bere bakarkako konposizioak banda baten eremura eramateko gogoak bultzatu zuen 2014. urtearen azaroan musika talde berriaren sorkuntza. Gasteizko Udalak antolatutako Gaztetalent sariketa irabazi ostean eta hainbat kontzertu eskaini ondoren, Montauk-ek Bilaketan bere estreinako diskoa osatu du. Jimmy Jazz aretoan aurkeztu dute, Joseba B. Lenoir-ekin batera egindako kontzertuan. Goitiaren esanetan, "nahasketak" eta "kontrasteak" definitzen dute laukotearen musika.

Zergatik Montauk?

Ramon Saizarbitoriaren Martutene nobelan aipatzen da idazle suitzar baten nobela bat, meta-literatura bezala, Max Frischen Montauk nobela. Izena bera polita iruditu zitzaidan, fonetikoki, eta aukera ona iruditu zitzaidan banda batentzako. Montauk hiri baztertua da, New York ondoan dago, base militar bat dago bertan, eta gerra psikologikoa garatzeko erabili da; oso hiri berezia da eta literaturan erabili izan da, literatur balioa zuen eta horregatik ere erabili nahi genuen, hitzei garrantzia emateko, hitzek badutelako bere garrantzia, eta aipu literario horren bitartez hori azpimarratu nahi genuen.

Beraz, zuen musikan letrak inportanteak dira.

Gure letrak ahalegin bat dira, zehaztasun pertsonal batetik zerbait abstraktuagoa edo orokorragoa egiteko. Badira errepikatzen  diren gai batzuk, aldaketari diogun beldurra, perfekzioaren bilaketa...,  badaude zenbait gai komun, errepikatzen direnak, baina guk uste dugu abestiak nahiko irekiak direla, eta bakoitzak aplikatu ditzakeela bere bizipenen arabera.

Nola definituko zenuke taldearen estiloa? 

Ez zaigu oso erraza egiten definitzea. Gure musikak badu berritasun kutsu bat, batzuetan aipatzen dugu rock intimista dela, pop ukitu batzuk ere baditu, baina taldekide bakoitza toki desberdinetik dator, eta bere ekarpena egin du: baxu-joleak hardcore talde batean jotzen du, bateriak denetarik jotzen du, ikasketak ditu eta hori nabaritzen da, gitarrista rockanroleroa da, eta ni pixka bat ukitu intimista hori ematen diot; horren nahasketa da taldea. Musika aldetik badu bere alde lasaiak, intimistak, baina badu bere indar zatiak ere, rockeroagoak, ahotsa baxua da, xuxurlatua bezala eta horren guztiaren kontrastea da Montauken musika.

Nola jaio zen taldea?

Kantuak eta konposizioak egiten nituen; hamar bat kantu nituen prestatuta akustiko eta ahotsarekin, eta duela bi urte pentsatu nuen zuzenena zela bandarekin sartzea eta bandarekin egokienak lantzea. 

Taldearen beharra sentitu zenuen?

Taldearen babesa ezin da ordezkatu. Bazegoen aukera bakarrik aurkezteko zeozer, baina bandak ekarri duena bakarkakoak ez dauka.

Taldea 2014. urtean osatu zenuten, nola izan da prozesua?

2014. amaieran kontaktatu nuen Gorka Etxebarriarekin, eta beste lagun batekin Jon Aranbururekin, eta hirurok hasi ginen lokalean kantuei  bueltak ematen, eta bandarekin gorpuzten, beranduago sartu zen baxu-jolea, Goio Saenz, eta horren ostean Jonek taldea utzi zuen eta gaur egungo gitarrista Aitor Garcia de Bikuña sartu zen. 

2015eko apirilerako laurok geunden, egon ginen urte luze bat kantuak lantzen eta azaroan egin genuen lehenbiziko kontzertua, Gasteizko Gaztetxean. Azaroa eta abendua bitartean sei kontzertu eman genituen Deban, Bergaran..., eta 'Gaztetalent'  sariketa irabazi genuen. 2016rekin jada erabaki genuen diskoan murgiltzeko momentua zela, eta urtarriletik orain arte egon gara lan horretan.

Pozik zaudete diskoarekin?

Bai oso gustura. Emaitza espero genuena da, atera dena buruan genuena da, zuzenekotik pixka bat aldentzen da, desberdina da, baina oso pozik gaude. Estudio on batean grabatzea nahi genuen, grabatzen gozatzeko, eta aukera sortu zen Jon Ordorikarekin Katarain eta Mamia estudioan egiteko, Azkaraten. Estudio horiek dira Euskal Herrian erreferenteetako bat eta bertan egon ginen lauzpabost egun grabatzen.

Zer izan da latzena? 

Beti aipatzen da grabaketetan oso momentu gogorrak egoten direla, eta gurean bakoitzak bere gorabeherak izan zituen, baina orokorrean gozatu genuen, oso esperientzia ona izan da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide