Arabatik, Greziara begira

Gaizka Amondarain eta Erlantz Anda 2016ko mai. 27a, 09:47

Grezian egon berri dira Hala Bedi irratiko bost gasteiztar, dokumental bat grabatzen. Han aurkitutakoaren berri eman diote ALEAri. 

Gaizka Amondarain, Imanol Aranburu, Jonbi Egurzegi, Erlantz Anda eta Igor Goikolea gasteiztarrak Grezian egon berri dira, Polizia Idomeniko kanpamendua husten hasi baino lehen. Hauxe da haien kronika.

Testua: Gaizka Amondarain. 

Argazkiak: Erlantz Anda. 

ESPERANTZARA KONDENATUAK

Europaren porrota beste inon baino hobeto islatzen da Grezian. Alde batetik, berau izan zen 2008ko lurrikara finantzieroak gogorren astindu zuen herrialdea. Bestetik, bertan daude pilaturik Ekialde Hurbileko gerra eta miseriatik ihesian datozen eta Europako Batasuneko gainontzeko estatuek hartu nahi izan ez dituzten milaka errefuxiatuak. Bi trenbide gurutzatzen diren lekuan harri bat da Grezia gaur egun. 

Sei urte pasa dira zorraren aitzakiapean Euroguneak Greziarako diseinatutako lehen erreskate hartatik. Gauza asko gertatu dira bitarte honetan, eta aldi berean, gertaeren hurrenkerari erreparatuz gero, zaila da egungo egoeraren inguruko argazki zehatz bat ematea. Mugituta aterako litzateke, edozelan ere. 

Europak krak egin eta gutxira, 2010ean, banketxeak salbatzeko Greziara bideratutako diru sarrera hark –lehen erreskateak– eragin zuzena izan zuen greziarren bizi baldintzetan. Arlo publikoan emandako murrizketak etengabeak izan dira geroztik, eta horrek gizartearen pobretze orokorra ekarri du. Horrekin batera, Troikaren esku hartzeak eta beronek herritarrengan sortutako haserreak aurretik martxan zen politika zaharren kontrako kale mobilizazioa indartu besterik ez zuen egin. Klase ertainak ere, ordura arte ez bezala, bat egin zuen Europatik zetozen eta bertako gobernuak ezartzen zituen neurri politikoen aurkako protestekin. 2015eko urtarrilean, azkenik, gobernu aldaketa eman zen Grezian eta Syriza ezkerreko koalizioa badator esperantza lelopean ailegatu zen gobernura. 

Europatik ezarritako politiken kontrako diskurtso argi bat edukitzeak ordura arte Syrizarekin bat egin ez zuen jende askoren babesa eman zion Alexis Tsiprasen hautagaitzari. Zerbait berria zetorren esperantza irudikatzen zuen Tsiprasek herritarrengan, eta aldi berean, Europari "nahikoa da" esateko nahia ordezkatzen zuen. 

Gobernuarekin enfrentamenduak

Urte eta erdi beranduago, greziarren gehiengo batek –boto emaileen %61k– Europak zorra ordaintzeko jarritako baldintzei erreferendumean ezezkoa esan eta gero, Grezia eta Europa hirugarren erreskaterako akordioa ixtekotan dira, Tsiprasen gobernuak murrizketa gehiago iragarri ditu eta maiatzean deitutako hiru eguneko lanuzteetan gogorrak izan dira herritarren eta Poliziaren arteko enfrentamenduak Atenasen eta Tesalonikan. 

Gehiengo baten esperantza etsipen bihurtu da denbora honetan zehar, giroa berotzen hasi da kalean eta inork ez daki oso ondo zer gerta daitekeen datozen hilabeteotan. Hauteskundeak aurreratuz gero, dena den, litekeena da Tsipras bera izatea oraindik orain aukerarik bozkatuena herritarren artean.

Ametsak lokatzetan

Herrialde mailako zurrunbiloari, gainera, Europara sartu ezinik Grezian aurrera ez atzera geratu diren milaka errefuxiatuen afera gehitu zaio orain. Gobernuaren eta Acnurren datuen arabera, milioi bat pertsona izan ziren 2015ean gerra eta miseriatik ihesi Europara Greziatik sartu zirenak. Horietatik gehienek Europako beste herrialde batzuetara heltzea lortu zuten, muga itxi zuten arte. 

Ailegatu zirenetatik %52 siriarrak ziren, %25 Afganistanetik zetorren, %16 Iraketik eta %3, berriz, Iranetik. 

Joan den martxoan, Europako Batasunak Turkiarekin mugak ixteko eta errefuxiatuak Turkiara kanporatzeko akordioa sinatu zuen. Trukean, turkiarrek Europan sartzeko erraztasunak izango dituzte aurrerantzean, eta Erdoganen gobernuak herrialdean jasotzen duten errefuxiatu bakoitzagatik diru-laguntzak hartuko ditu. 

Beste aldean daude Europara bidean zihoazen horiek denak: 54.000 errefuxiatu baino gehiago Grezian zehar zabaldutako kanpamenduetan gatibu geratu dira, eta horietako 386 berriro Turkiara itzuli dituzte, albiste agentziek eskainitako azken datuen arabera. Irletara ailegatzen ari direnen kopuruak behera egin du nabarmen. 

Muga itxi ondoren Greziara ailegatzea lortu zutenek Europako herrialde aberatsen batera ailegatzeko ametsean diru guztiak xahutu eta itsasoa zeharkatzeko bizitza arriskuan jarri eta gero, mugak muturren aurrean nola ixten dizkieten ikusi behar izan dute, eta pasabidetzat baino ez zuten herrialde batean preso daude orain. 

%40, umeak

Bi hilabete daramatzate horrela, kanpamenduko asperdurara ohitu ezinda, beraiekin zer egingo duten jakin gabe. Familia erdibituak kasu batzuetan, bidean hilabeteak eta milaka zorigaitz pasatakoak asko, horietatik %40 umeak. Errefuxiatuen exodoa hasi zenetik, gobernuz kanpoko erakundeek salatu dutenez, ume asko desagertu dira bidean eta emakume askok bortxaketak salatu dituzte. 

Helmugara ailegatzeko ezintasunaren aurrean Turkiara noiz kanporatuko esperoan zenbatzen dituzte egunak batzuek, eta beste askok, oraindik, helburua nola edo hala erdietsiko duten konbentzimenduari eusten jarraitzen dute. Erreportaje hau idatzi orduko, Idomeniko kanpamendu ez-ofiziala husten hasi da Polizia. Dagoeneko bi mila pertsonatik gora kanporatu dituzte.

1. Pireo: Atenaseko portua.

Bertan bizi den errefuxiatu kopurua beherantz badoa ere, 5.000 inguru dira han irauten dutenak. Turistek greziar irletara joateko ferryak hartzen dituzten lekutik kilometro batera pilatutako kanpin dendetan bizi dira. Gehienak siriarrak badira ere, jatorri askotako jendea biltzen da bertan. Idomeniko errefuxiatuekin batera, Koutsochero bezalako kanpamendu ofizialetara bideratu nahi dituzte hangoak ere.

2.Idomeni: Grezia eta Mazedonia arteko muga.

Erreportajea idatzi orduko, Idomeniko kanpamendua husten hasi da Greziako Polizia, eta 2.000 pertsona kanporatu ditu. Aurretik, 15.000 pertsona bizi izan ziren kanpamenduan, eta horietatik 7.000k azken bi hilabeteetan alde egin zuten. Gobernuak kanpamendu ofizialetara joan behar dutela jakinarazi die behin eta berriz. Metro batzuk baino ez ditu bereizten Mazedoniako errepublika federaletik trenbidearen bi aldeetara hedatutako kanpin dendetan bizi direnak. Metro gutxi batzuk, arantzaz jositako hesi bat eta tankeren bat

edo beste.

3. Koutsochero: Gobernuak jarritako kanpamendua.

Koutsochero autobide ondoan kokaturiko ezleku bat da. 800 pertsona inguru bizi dira bertan; horietatik 650 afganistandarrak dira. Kanpamendua bisitatu ahal izateko militarren kontrola pasa beharra dago, eta bisitarako denbora mugatua da. Gobernuak Grezian zehar zabaldutako 30 kanpamendu ofizialetako bat da. Kanpin denda asko hutsik ikusten dira gaur gaurkoz. Umeek kometekin jolasean pasatzen dute denbora. Ingelesa ikasteko eskolak ere antolatu dituzte haien kabuz. Ez da gobernuz kanpoko erakunde edo boluntarioen arrastorik ikusten.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide