Zinelekuk ikus-entzunezko etorkizuneko sortzaileei formakuntza eskainiko die

Saioa Fdz. de Arangiz 2016ko maiatzaren 24a

Programa zinema eta ikusmen arteetan interesa duten Arabako eta Gipuzkoako 18 eta 25 urte bitarteko gazte euskaldunei zuzenduta dago. Udan egingo da Zarautzen.

Arabako gazteek ikus-entzunezkoen sorkuntzan murgiltzeko aukera paregabea izango dute udan, Zineleku programari esker. Helburua ikus-entzunezkoen sortzaile berriei diziplina arteko prestakuntza ematea da, ikuspuntu komunitario batetik. Programa zinema eta ikusmen arteetan interesa duten Arabako eta Gipuzkoako 18 eta 25 urte bitarteko gazte euskaldunei zuzenduta dago, hau da, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Arte Batxilergoa eta Arte Ederra ikasten ari direnentzat.

10 egun, zineman murgilduta

Uztailaren 23tik abuztuaren 1era bitartean, proiektuaren partaideak  Zarauzko Igerian aterpetxean biziko dira, eta bertan zinema lantegiak, profesional zinematografikoen maisu eskolak eta bestelako arte diziplinak emango dituzte, proiekzioak, performanceak eta kontzertuetan ere parte hartuz. Besteak beste, film baten sortze prozesua, gidoia, argiaren garrantzia eta ekoizpen zinematografikoa landuko dituzten lantegiak egingo dituzte. Irakasleen artean, Joxe Mari Goenaga, Maider Oleaga, Juan Arrosagaray, Kepa Sojo, Garbiñe Ortega eta Pere Ginard aurkitzen dira.

Era berean, jardunaldi bakoitza amaitzean, hainbat jarduera izango dira denentzat irekiak, besteak beste, hitzaldiak zinema eta literaturari, zinema dokumentalari edo interpretazioari buruzkoak, proiekzioak, performanceak eta kontzertuak. Katixa Agirre, Idoia Zabaleta eta Jose Luis Rebordinos izango dira gonbidatu berezien artean

Zineleku programa Arabako Gazteriaren Foru Erakundeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak antolatu dute Euskal Herrian Kalaka Lab-ek emango du.

Informazio gehiago eta izen-ematea: Zineleku 2016

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago