Errepideak kontrolatzeko zentro berria izango du Arabak

Erredakzioa 2016ko maiatzaren 24a

Negu amaierako euriteek eragindako kalteak konponduko dituzte, besteak beste, Uribarri Nagusian, Sobronen eta Opakuako mendatean.

Arabak errepideak kontrolatzeko zentro berria izango du. Horretarako, Arabako Foru Aldundiak 600.000 euro baino gehiago inbertituko ditu, egoitza berria eraikitzeko, instalazioak eta irudiak hartzeko ekipamenduak eguneratu eta jendea artatzeko eremua hobetzeko. Urtea bukatu aurretik hasiko dira lanak, eta 2017ko ekitaldiaren lehen erdian bukatzea aurreikusten dute.

Errepideak kontrolatzeko gaur egungo zentroa 2002an diseinatu zuten eta denboraren poderioz zaharkituta geratu dira bertako instalazioak eta ekipamendua. Gaur egungo egoitza Ehari-Gobeoko industrialdean kokatu dago. Eraikin berria bertan altxatuko da, eta espazio egokiak eta teknologia berrienaz hornitutako ekipamendua izango ditu bide sarearen egoera kontrolatzeko eta errepidean egon daitezkeen arazoei eta eguraldiari buruzko informazioa denbora errealean emateko. Eraikinak 550 metro koadro izango ditu, egungo instalazioen azaleraren bikoitza.

Euriteen kalteak konpondu

Bestetik, Aldundiak 500.000 euro baino gehiago bideratuko du negu amaierako euriteek errepideetan eragindako kalteak presaz konpontzeko. Guztira, bide sareko 25 puntutan daude kalte larriak. Helburua da obrak datozen egunetan hasi eta uda amaitu baino lehen amaitzea. Hainbat errepidetan esku hartuko da, hala nola A-4133 errepidean, Uribarri Nagusia eta Okina udalerriak lotzen dituen bidean; A-2122 errepidean, Sobrongo haitzartean; eta A-2128 errepidean, Opakuako mendatean eta Entrepeñasko haitzartean.  

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago