1.700 txirrindularitik gora izango dira larunbateko I. Orbea Gran Fondo proban

Erredakzioa 2016ko mai. 23a, 14:30

Maiatzaren 28an egingo duten lasterketak 173 kilometroko ibilbidea izango du eta erdi mailako mendietatik igaroko da.

Orbea enpresak I. Orbea Gran Fondo txirrindularitza proba antolatu du maiatzaren 28rako Gasteizen, bere 175. urteurrena ospatzeko. Dagoeneko 1.700 txirrindularik eman dute izena. Proba gaur goizean aurkeztu dute Kirol zinegotzi Iñaki Prusillak eta abenturazale eta txirrindulari Juan Carlos Najerak. Agerraldian azaldu dutenez, lasterketak Mendizorrotza inguruan izango du irteera eta helmuga.

“Erronka berria da, erdi mailako mendiak dituzten etapen antzeko ibilbidea duena, 173 kilometrokoa", nabarmendu du Iñaki Prusillak.

Juan Carlos Najerak proba Arabako lurralde historikoko mendi, mahasti eta pagadietan barrena izango dela azaldu du, " eta igoera mitikoak aurkituko ez badira ere, azken portua, Zaldiaran, helmugarako bederatzi kilometro besterik ez dagoela igoko da".

Orbea Gran Fondo Vitoria-Gasteiz probaren ibilbidea bihurgunez beterikoa izango da, oso gogorra, batez beste 5 kilometro duten sei portu igo beharko baitituzte. Herrera kenduta, portu guztiak “igotzeko modukoak” dira zikloturista gehienentzat, “baina bakoitzak ezartzen duen erritmoak, eta 173 kilometroen eta desnibeleko 3100 metroen batuketak eskatuko dute gure onena ematea Green Capitaleko helmugara iristeko”, azaldu du Juan Carlos Nájerak.

Probak ez du sailkapenik, baina kirola maite dutenek marka eta denbora pertsonalak ezarri ahalko dituzte. Aukeran, hiru kronoeskala egin ahalko dira.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide